Bi Enbatarekin dator aurtengo denboraldia

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 2a, 15:06

Zarautz Arraun Elkarteak bi traineru izango ditu lehian aurtengo arraun denboraldian. Bata, TKE ligan eta, bestea, KAE 2 ligan. Asteburuan zehaztu zituzten egutegiak eta segurtasun protokoloak.

2020ko traineru denboraldiak zehazte aldera, TKE eta KAE traineru elkarteen batzarrak egin zituzten asteburuan. COVID-19a dela eta, osasun protokoloak, arautegi berriak, traineru elkarteetako aurrekontuak eta estropaden egutegiak onartu zituzten. Eusko Label ligan eztabaida gutxi izan zela jakitera eman dute ZAEko ordezkariek egutegia antolatzeko garaian, eta aurten ere Zarauzko Estropadak abuztuan izango direla, hilaren 15ean eta 16an, hain zuzen ere.

Ligaren aurrekontuak %20 inguru murriztea onartu zuten aho batez. Arautegiaren inguruan hartu diren erabakiak ere asetu ditu zarauztarrak. Covid19a dela eta bai batzordetik bai eta hainbat elkarteetatik egindako proposamenek, ligako emaitzetan eragina izango zutelako eta kutsatze posibleen eraginek kirol emaitzak zoriaren menpe jar zitzaketelako, lau elkartek baldintza horietan igoerarik eta jaitsierarik ez izatea proposatu zuten. "Bozketa prozeduraren baldintzek arau proposamen bakar bat bera ere ez onartzea eragin zuten, nahiz eta elkarteen gehiengoa igoera eta jaitsierak ez egotea eztabaidatzearen alde egon". Kirol emaitzak baldintza zitzaketen arau horiek ez onartzeak traineru guztiak orain arte finkatutako baldintzetan lehiatzea eragingo du, eta horrek poztu egin ditu ZAEkoak.

Zarautz Arraun elkarteak dio larunbateko batzarraren bezperan TKEko osasun arduradunak COVID-19agatik sortutako osasun protokoloaren 3. bertsioa aurkeztu zuela astero egin beharreko odol azterketak bertan behera uzten dituena. "Hasieratik TKEko arduradunak protokoloak oso zorrotza izan behar zuela behin eta berriz azpimarratu arren, oraingo honetan elkarte bakoitzean gertatzen denaz elkarte bakoitzeko sendagilea arduratuko da; elkarteko kideen osasun jarraipena ez da hain estua izango eta lehiaketan denak baldintza berdinetan aritzea ez da bermatuko". Ondarroa eta Zarautz izan dira azken protokolo honen ordez asteroko azterketei eustearen aldeko bakarrak, "osasun bermea diru kostuaren aurretik jarrita".

Bigarren taldea

KAE ligan osasun arloan eztabaida gutxi izan zela azaldu dute, eta arautegi aldetik orokorrean ere adostasuna. Egutegiaren inguruan azkenean hamabi estropada izango dira bost kokalekutan banatuta; egutegi trinkoa izango da, bi estropadako bost asteburu. Aurrekontu aldetik, estropadatan saririk ez dela izango erabaki zen, nahiz eta elkarte bakoitzak guztira 4.500 euro jarri beharko dituen ligan parte hartzeko. "Tamalez, Zarauzko arraunlari gazte eta berrienak Alle Punta aldean lehian ikusi ezingo ditugun arren, Getarian jokatuko diren hiru estropadatan Itegi puntatik edo hirugarren tuneletik ikusteko aukera izango da".

Bestalde, uda hasieran bazkide berri bila hasiko dira ZAE, eta berriz sortzen hasi diren zarautzarraun.eus webgunean dagoeneko inprimakia eskuragai dago. "Ea zarauztarren artean 2019ko irailean sortutako zirrara berpiztu eta Enbata zaleak udan herria urdinez apainduta ikusten dugun. Aupa Enbata! Aupa Zarautz!".