Abian da eskualdeko enpresak ezagutarazi eta bertako kontsumoa sustatzeko Olatura-up egitasmoa

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 3a, 09:30

Eskualdeko enpresa txikiak eta ekintzaileak teknologia berrien "olatura igotzeko" baliabideak eskaini nahi ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Era horretan, herritarrak bertako kontsumoaren alde egitera bultzatu nahi dituzte.

Eskualdeko ekintzaile eta enpresa txikien negozioak ezagutarazi eta bertako kontsumoa sustatzeko asmoz, Olatura-up egitasmoa jarri du martxan Urola Kostako Udal Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Ekainean zehar garatuko da ekimena. 

Ekintzaile eta enpresarien lana balorean jartzeaz gain, horien jarduna azaleratu eta bailarako negozioen ikusgarritasuna hobetu nahi du UKUEk. COVID-19ak sortutako testuinguru berrian, "ezinbestekoa" da, UKUEren arabera, ekintzaile eta enpresari txikiek jauzi digitala egitea. Herritarren aldetik kontsumorako joera aldaketa nabari dela eta baita gertuko eta bertako negozioen aldeko hautua indartzen ari dela azaldu du UKUEk ohar bidez. Horrek Internet bidezko bilaketa kopurua igo duela eta, abagune berria baliatzeko garatuko dute egitasmoa. 

Teknologia berrian "olatura igotzeko" baliabideak eskaini nahi dizkiete eskualdeko ekintzaile eta enpresariei, ikusgarritasuna aregotu eta jarduna ezagutarazteko. Horrez gain, eskualdeko negozioen mapa digitala osatuko dute, herritarrak bertako kontsumoaren alde egitera bultzatzeko. Google My Business tresna erabiliko dute Olatura-up egitasmoko hiru ekimenak garatzeko. UKUEk azaldu duenaren arabera, tresna hori interneteko presentzia hobetzeko doako erraminta praktikoa da. 

Izena emateko edota informazioa jasotzeko, 943- 89 08 08 telefono zenbakira deitu edo enpresasustapena@urolakosta.eus helbidera idatzi daiteke.