Gutuna: 'Salaketa eraso sexista baten harira'

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 2a, 20:00

Arrano tabernan gertatutako eraso sexista baten eta hark ekarritako soka luzearen harira, ondoko idazkia helarazi dute HITZAra erasotuak berak, Danda Gazte Asanbladako kideek, Arranoko langile ohi batzuek, hainbat militante feministak eta erasotuaren inguruko beste hainbat pertsonak.

Iazko abenduan, Zarauzko Arrano 'herriko tabernan' gizonezko batek lanean ari zen emakume bat erasotu zuen. Erasoa bera eta horren harira martxan jarri zen prozesuak izandako bilakaera ikusita, gertatutakoa publiko egiteko eta salatzeko beharra ikusi dugu erasoa jasan zuen emakumeak, Danda Gazte Asanbladako kideek, Arranoko langile ohi batzuek, hainbat militante feministak eta erasotuaren inguruko beste hainbat pertsonak. Erasotuaren egoera pertsonala eta egoera orokorra muturrera eraman dira, eta horren aurrean, beharrezkotzat jo dugu erasotua babesteko eta bere ongizatea bermatzeko pausoak ematea.

Adierazi nahi dugu arduraz hartutako erabakia izan dela Zarautzen gertatutakoa argitara ateratzea. Konbentzimendu osoz eta dagokigun erantzukizunez ekin diogu bide honi.

Ez dugu inolako eraso sexistarik onartzen, horregatik, erasoa bera eta horri erantzuteko abiatutako prozesua salatzeko, dei egiten diogu Zarauzko herriari ekainaren 4an​, osteguna, 20:00etan Udaletxe plazan egingo den kontzentraziora.


Erasoa

Arranon lanean ari zela, 19 urteko emakumeak gau askotan jasan behar izaten zuen gizonezko baten jarrera itogarria. Gizonezkoak 40 urte inguru ditu, Zarauzko Ezker Abertzaleko kidea eta zinegotzi lanetan ibilitakoa da. Ohikoa zen gaua aurrera joan ahala gizonezkoa hurbildu eta jarrera erasokorrarekin emakumea estutzea. Hasieran begiratu egiten zion; gero, pixkanaka gerturatzen hasten zen, eta “eman iezazkidan bi muxu” bezalakoak esaten; emakumea mugak jartzen saiatzean, gizonak, gehiago gerturatu, eta “alaitu hadi” eta “onena haiz” modukoak esaten zizkion. Jokabide onartezin hori erabat normalizatuta zegoen.

2019ko abenduko gau batean, emakumea bakarrik ari zen lanean, beste askotan bezala berak baitzuen taberna ixteko ardura. Zeuden bezero bakarrak ziren emakumea sarri estutzen zuen gizonezko hori eta bere hiru lagun. Orduak aurrera joan ahala, lanean ari zen emakumearengana gero eta gehiago hurbiltzen hasi zen, bere ohiko jarrera erasokorrarekin. Halako batean, barra barrura sartu zen, lanean bakarrik ari zen emakumearen ondora. Gerritik heldu zion eta eskua haren ipurdira jaitsi zuen. Gizonezko izateak ematen dion botere posizioa baliatuz, emakumearen gorputza inongo baimenik gabe ukitu zuen.

Testuinguruak erraztu egin zuen erasoa. Izan ere, emakumea lanean ari zen, taberna ixteko ardura zuen eta bezero bakarrak erasotzen ari zitzaion gizonezkoa eta bere lagunak ziren; denak “etxekoak” eta adin tarte esanguratsua ateratzen ziotenak. Gizonezkoaren lagun bat sartu zen barraren barrura, erasotzailearen eskua emakumearen gainetik kentzera.

Orduak igaro ziren erasotzailea eta bere lagunak tabernatik joan arte. Azkenean, taberna itxi eta kalera atera zenean, erasotzailea jarrera erasokorrarekin hurbildu zen berriro emakumearengana. Heldu egin zion; eta “nora zoaz”, “zurekin noa” bezalakoak behin eta berriz errepikatu zizkion. Berriz ere, lagun berak erasotzailea emakumearengandik aldendu zuen.


Erasoaren osteko gertakariak

Emakumeak erasoa gertatu zen leku berean jarraitzen zuen lanean, eta erasotzaileak lasai asko jarraitzen zuen tabernara joaten, ezer gertatu izan ez balitz bezala, horrek duen larritasunarekin. Gutxira, Arranoko Batzordeko (elkartea eta taberna kudeatzeaz arduratzen den taldea) bi kidek jakin zuten emakumea erasotu egin zutela lanean zegoen bitartean. Lanean ari zela joan zitzaizkion Arranoko bi batzordekide horiek, eta jakinarazi zioten erasoaren berri izan zutela. Hasiera hartan, emakumeak ez zuen erasotzailearen izenik eman; izan ere, erasotzailea ezagutzen du, Ezker Abertzaleko kide erreferentea da, “etxekoa”. Ondorioz, erasotuak gertatutakoaren ardura bere gain hartu zuen.

Bi hilabete pasatu zituen batzordekoen berririk izan gabe. Otsailean, egoerak gain hartu eta bere inguruko lagun eta kide batzuei gertatutakoa kontatu zien. Egoerari kolektiboki erantzutea erabaki zuten.

Batetik, Arranoko Batzordera jo zuten erasotuak eta bi lagunek. Garbi dago Arranoko Batzordeak erasoaren gaineko erantzukizun zuzena duela: erasoa Arranon gertatu zen, erasotua bertan lanean ari zela, eta erasotzailea Ezker Abertzaleko kide erreferentea da. Batzordean, erasoa kontatu eta gertatutakoaren gaineko ardura euren gain hartzeko eskatu zieten batzordekideei. Bestalde, adierazi zieten tabernako langileekin eta esku hartu zuen lekukoarekin hitz egin beharko luketela. Batzordekideek esan zieten bildu eta, horren ostean, erasotuarekin kontaktuan jarriko zirela.

Bestetik, beste lagun batzuk erasotzailearekin elkartu ziren. Gertatutakoa azaldu eta gertakarien larritasuna azpimarratzeaz gain, batzordekideei ere erasoaren berri emango zietela jakinarazi zioten. Horrekin batera, erasotuak harentzat propio idatzitako gutun pertsonala eman zioten; bertan, gertatutakoaren kontakizuna zegoen. Argi eta garbi utzi zioten erasotuak momentu hartan ez zuela gertatutakoa publiko egiterik nahi, ezta harekin hitz egin ere.

Handik gutxira, Arranoko Batzordeko kide batek erasotuari adierazi zion erasoa kudeatzeko prozesua Sortuko egitura nazionalaren esku utziko zutela, eta hark izendatuko zuela bitartekari bat prozesua aurrera eramateko. Otsailaren 11n bildu zen erasotua bitartekariarekin lehenengo aldiz. Haren hitzetan, “bileraren helburua erasotuaren bertsioa ezagutzea” zen. Ondoren, “erasotzailearen bertsioa” entzun eta, bietatik abiatuta, txosten bat osatuko omen zuen. Erasotuak hasieratik eskatu zion protokoloak izango zituen pausoak azaltzeko. Bitartekariak erantzun zion eraso mota identifikatu eta txostena osatu arte ez zekitela zehazki zer pauso emango ziren. Adierazi zitzaion bakarra izan zen oraindik ofiziala ez zen protokolo berri bat jarriko zela martxan, eta protokoloak hiru oinarri zituela: lehenengoa, nagusia zena, erasotuaren ongizatea; bigarrena, erasotzailearen ahalduntzea berriz militatu ahal izateko; eta, hirugarrena, komunitatea.

Bi astera elkartu ziren bigarren aldiz, otsailaren 28an. Bileraren helburua erasotuaren beharrizanak identifikatzea omen zen. Erasotuak aldez aurretik bitartekariari telefonoz adierazia zion laguntza psikologikoa behar zuela. Bileran bertan, ordea, bitartekariak esan zion Sortuk ez duela “baliabide ekonomikorik arreta psikologikoa ahalbidetzeko”, baina “hiriburuetan autodefentsa tailerrak” bila zitzakeela. Bestalde, erasotuak aurrez batzordean eginak zituen eskakizunak (langileekin eta lekukoarekin hitz egitea, besteak beste) bete ote zituzten galdetutakoan, bitartekariak ez zion erantzun argirik eman, eta esan zion ez zekiela seguru Arranoko Batzordea zer pauso ari zen ematen. Bilera berean, bitartekariak erasotuari galdetu zion ea erasotzaileari tabernara sartzea debekatzea nahiko lukeen edo ez. Beraz, erasotuaren bizkarrean utzi zuten neurri zehatz horren gaineko erantzukizuna. Gainera, bitartekariak erasotuari erasotzailearekin biltzea proposatu zion.

Bitartekariak erasotuari esan zion hainbat eragilez osatutako mahai bat eratu zutela, antza, protokoloaren hirugarren oinarriari erantzuteko: komunitateari. Erasotuari ez zaio inoiz jakinarazi zein den mahaiaren funtzio zehatza eta nork hartu zuen edo nork hartzen duen parte bertan. Bitartekariak aipatu izan dituen parte hartzaileen artean daude Arranoko Batzordea, Sorturen egitura nazionala eta Zarauzko Sortu. Ez dute inoiz mahai horretara gonbidatu erasotuak parte hartzen duen kolektiborik, esaterako, Danda Gazte Asanblada. Bitartekariaren arabera, gazte asanblada mahaian parte hartzera ez gonbidatzeko arrazoia zen prozesuan “oztopo” izan zitezkeela mahaikideen ustetan Dandaren eta Sorturen artean dauden “distantzia politikoak”. Aitzakia horrekin, erasotuaren inguru hurbilena baztertu zuten mahaitik. Erasotua bera parte hartzera gonbidatu zuten, baina beste behin ere, argitu gabe zehazki zein funtzio izango zuen, eta iradokiz “agian ez zuela zentzurik” mahai horren parte izateak. Testuinguru hori dela eta, erasotuak mahaiaren parte ez izatea erabaki zuen.

Martxoaren 13an, kanpotik jakin genuen erasotzaileak afari bat antolatu zuela, eta bere inguruko hainbat gizon gonbidatu zituela. Afari horren bidez, erasoaren inguruko bere bertsioa azaldu zuen, eta, horrekin, zalantzan jarri zuen erasotuaren hitza. Erasotzaileak berak gonbidatuei ezagutarazi zien erasotutako emakumearen izena, eta erasotzailearentzat idatzitako gutuneko hainbat pasarte aipatu zizkien, horretarako inolako baimenik eta zilegitasunik gabe. Modu horretan, erasotuaren lagunek harekin biltzean helarazitako baldintzak hautsi zituen, hain zuzen, erasotuaren izena jakinaraztean, gertakariak bere ahotik publiko egitean eta gutun pribatuaren edukiaren berri ematean.

Martxoaren 18an, konfinamendu garaia hasi berri zegoen une ziurgabe hartan, Sortuko bitartekariak WhatsApp bidez galdetu zion erasotuari ea zer moduz zegoen. Erantzun zion gaizki zegoela, baina nahiago zuela berrogeialdia amaitzean hitz egin, konfinamendua laburragoa izango zela pentsatzen baitzuen. Gaur, ekainaren 2an, izan du erasotuak Sortuko bitartekariaren berri, lehen aldiz bi hilabetean baino gehiagoan, agiri hau argitaratu baino ordu batzuk lehenago. Erasotuari adierazi dio protokoloa etenda utzi bada, haren nahiaren ondorioz izan dela, erasotuak horrelakorik inoiz helarazi ez badio ere.


Horren guztiaren aurrean, honako hau adierazten dugu:


Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu ez dugula inolako eraso sexistarik onartzen.

Horregatik, irmoki salatzen dugu eraso sexista hau​. Erasotua 19 urteko emakumezkoa da; erasotzailea, aldiz, 20 urte zaharragoa den gizonezkoa, “etxekoa” eta Ezker Abertzaleko kide erreferentea. Azpimarratzekoa da erasotzaileak ingurukoen babesa duela. Horren erakusle da lekukoen isiltasuna eta erasotzaileak erasoaren bere bertsioa kontatzeko eta erasotuaren izena emateko sentitu duen zilegitasuna. Gainera, erasoa ez zen gau bakarreko kontua izan eta emakumezkoa Arranon bere lan orduetan eta bakarrik zegoenean gertatzen zen. Baldintza horietan, areagotu egiten da erasotzaileak aldez aurretik gizon gisa duen botere posizioa, eta emakumea are babesgabeago geratzen da eraso sexista baten aurrean.

Eraso orori erantzun egoki bat eman behar zaio, eta kasu honetan ez Arranoko Batzordeak ez Sortuk ez dute halakorik egin. Izan ere, argi dago emandako erantzun horretan ​ez dela lehenetsi erasotuaren ongizatea​; are gehiago, prozesu honek kaltea baino ez dio eragin, berau eraso bilakatzeraino. Uste dugu bigarren plano batean utzi dutela erasotua, ez baitira bermatu ongizate horretarako elementu oinarrizkoenak: ez du prozesuaren pauso eta erritmoen inguruko informazio ziurrik izan; ez du prozesuaren inguruko erabakimenik izan; erasotuaren eskakizunak ez dira bete; eta erasotuaren ingurua, bere babesgune dena, prozesutik baztertu dute.

Salagarria iruditzen zaigu erasotuaren eta bere ongizatearen gainetik jarri izana haien ​interes politiko eta alderdikoiak​. Horiek ez dira inola ere nagusitu behar eraso sexista baten aurrean emandako erantzunean. Lehenetsi dutena izan da Arrano elkartearen eta Ezker Abertzalearen izena ez zikintzea, eta, horretarako, erasoa estali eta erasotzailea babesteraino​ iritsi dira.

Egoerak muga guztiak gainditu ditu. Eraso sexista bat gertatu da eta, prozesu honen bidez, erasotua are gehiago kaltetu dute, haren egoera pertsonala muturrera eramanez. Gainera, erasotzaileak erasotuaren izena ezagutarazi eta bere hitza zalantzan jarri du. Gauzak horrela, erasotuak eta bere ingurukook argi ikusi dugu bere ongizaterako pausoak emateko aukera bakarra dela gertakariak ezagutaraztea eta beste bide bati ekitea. Horregatik, dei egiten diogu Zarauzko herriari ​ekainaren 4an, osteguna, 20:00etan​ ​Udaletxe plazan​ egingo den ​kontzentraziora​. Mesedez, ekarri maskarak eta errespetatu segurtasun distantziak.
ERASO SEXISTARIK EZ!
INPUNITATERIK EZ!