Iritako natura berreskuratzeko lanekin jarraitzen du udalak

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 3a, 12:42
Irita gunea. (Zarauzko Udala)

Proiektua artean "zehazteke" badago ere, pauso berriak egin ahal izateko erreka ingurua garbitzeko lanetan aritu dira azken asteetan.

Azken hilabeteetan Iñurritza ibaiaren itxura erabat aldatu da Itxasmendi auzoaren inguruan. Ur Agentziak alboetako hormak kendu eta ibaiaren ertzak berreskuratu ditu. Gloria Vazquez udaleko Ingurumen zinegotziak azaldu du "hezegunea eta bere bioaniztasuna berreskuratzeko ezinbestekoa" zela lan hori egitea.

Ibaia naturalizatzeko bidean, Zarauzko Udalak egingo ditu hurrengo pausoak. Udalak igorritako prentsa oharrean azaltzen da oraindik proiektua "zehazteke" dagoela, baina horri forma eman ahal izateko ingurua garbitu dutela dagoeneko. "Astierreka eta errepidearen arteko 12.000 metro koadroko ingurua garbitu dugu, txabolak eta sastrakak kendu ditugu eta 8.000 kilo inguru zabor atera ditugu. Iritan natur balioa berreskuratzeko, guztira, hiru hektarea inguruko azalera landuko da", azaldu du Vazquezek. Ingurumen zinegotziak gehitu du gune hori Itxasmendiko eta Zarauzko bizilagun guztiek gozatzezko prestatuko dutela, "Eraztun Berde Urdineko interesgunea den heinean, bertan bizitzen hasi diren hegaztiak ikusteko aukera egon dadin".

Arkamurka Natur Taldearen laguntza izan du udalak lan horiek egiteko. Hori dela eta, Vazquezek eskerrak eman dizkie elkarlanagatik eta urte askotako borondatezko lanagatik, "Zarautz berdeagoa eta ingurumenarekiko arduratsuagoa izatea lortzeko". Prentsa oharrean aditzera eman dutenez, Itxasmendiko auzo-elkartearekin ere harremanetan jartzekotan da udala, "beraien kezkak argitzeko eta ekarpenak jasotzeko".