Udalerri euskaldunek eskaintzeko dutena azaleratzera dator Uemaren 'Bertatik Bertara' kanpaina

Hainbat udalekin eta zerbitzu sektoreko eragilerekin elkarlanean, "gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak" aldarrikatu nahi dituzte, herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko. Ekainaren 19an hasiko dute kanpaina, udaren atarian, eta sasoi horri begira turismo eskaintzan "bertako altxorrak" nabarmenduko dituzte, "euskararen erabileratik hasita". Udazkenetik aurrera, berriz, udalerri euskaldunen garapenarekin lotutako hainbat ekimenetan eragingo du kanpainak.

"Udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea" helburu, Bertatik Bertara kanpaina berria jarriko dute martxan Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) eta hainbat udalek ekainaren 19an. COVID-19 gaitzaren osasun larrialdiaren ondorioekin lotuta dator, hein handian, kanpaina berria. "Aldaketa handia izango du batetik bestera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. Beraz, inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hurrengo hilabeteotan", dio Uemak, eta egoera hori baliatu nahi du "gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak" aldarrikatzeko, "herritarrei eta bisitariei erakusteko udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren, bertatik bertara zenbat goza daitekeen nabarmenduz, bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari eskutik helduta. Beti ere udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela ahaztu gabe".

Ekainaren 19an hasiko dute kanpaina, udaren atarian, eta sasoi horri begira turismo eskaintzan "bertako altxorrak" nabarmenduko dituzte, "euskararen erabileratik hasita". Jatetxeak, ostatuak eta zerbitzu sektorea izango dira lehen hilabeteetan kanpainaren "erakusleiho nabarmenenak". Kartelak eta mahai gainekoak prestatu dituzte horietarako, testu honekin: "Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere". Kanpainarekin bat egiten duten udalek banatuko dute kanpainaren materiala beren herrietako ostalaritzan, merkataritzan eta zerbitzu sektoreko eragileen artean. Hedabideetan komunikazio kanpaina ere egingo du Uemak, baita aipatutako sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzeko online saioak ere.

Udazkenetik aurrera, berriz, udalerri euskaldunen garapenarekin lotutako hainbat ekimenetan eragingo du kanpainak. "Horretarako, bertako produktuak eta elikagaiak, lehen sektorea laguntzeko ekimenak edota ekonomia sozial eraldatzailearen alde hainbat eragilek egindako bidea udaletatik laguntzeko modua zehaztu nahi da", azaldu dute kanpainaren arduradunek.

Koronabirusaren krisialdiak eta horren ondoriozko geldialdi ekonomikoak zerbitzu sektorean eragin duen kalte ekonomikoa arintzeko hainbat udalek hartu dituzten neurriak eta martxan jarritako egitasmoak ekarri ditu gogora Uemak, eta Bertatik Bertara kanpaina "horien guztien osagarri" dela adierazi du Uemaren lehendakari Iraitz Lazkanok: "Udal gehienak egoera larria ahal den egokien bideratzeko egiten ari diren ahaleginaren erdian, garrantzitsua da gainerako erakunde publikoek ere bidea hori dela nabarmentzea, gure herrien benetako garapena herriko ekonomian eta herriari arnasa ematen dioten sektoreetan dagoela sinetsita".