Idatzi honen bitartez, atzo arratsaldez publiko egin zen eta Zarauzko Arranon gertatu zen eraso matxistaren aurrean gure iritzia jakinarazi nahi dugu.
Ezer baino lehen, ezker abertzaleak historikoki indarkeria matxistari aurre egin izan diola esan nahi dugu, nola jendartean gertatu direnei hala etxe barrukoei ere. Onartuta, beti ere, ezker abertzalea jendartearen parte dela, eta, ondorioz, estrukturala den matxismoak gure komunitatea ere alderik alde zeharkatzen duela. Horri erantzun asmoz, hamarkadetako ibilbidea egin du ezker abertzaleak, defendatzen dugun proiektu politikoarekiko koherentzian, praktika feminista duen mugimendu izatera bidean. Bide horretan, hutsune eta zailtasunak izanagatik, urratsak ematen ari gara. Besteak beste, indarkeria matxisten kudeaketarako barne protokoloa dugu tresnatzat duela pare bat hamarkadatik. Zehazki, azken urtean egokitu eta berritu dugu.
Pertsonak betiko markatuko dituzten etiketak albo batera utziz, biktima eta errudunen dikotomiatik harago, ikuspegi ezkertiar eta eraldatzailea praktikan garatzea da prozeduraren helburua. Jendartearen eraldaketan sinesten dugun bezala, pertsonen eraldaketan ere sinesten dugu. Sistema honek botere harremanak eraikitzen ditu, eta, beraz, prozeduraren ezinbesteko bi zutabe dira barneratutako jarrera matxisten deseraikuntza eta balio feministetan oinarritutako ahalduntzea.
Edonola ere, protokoloaren abiapuntua erasoa bera da. Hortik abiatuta, eta prozeduraren erdigunean erasoa jasan duen pertsona jarrita, gertatu den horrekiko ikuspegi erreparatzaile batetik jokatzea da tresnaren oinarria. Argi izanda, erasoen nolakotasuna ezberdina izan daitekeela, eta erasoaren larritasunaren arabera, badaudela bide erreparatzaile bat garatzeko aukerarik ematen ez duten kasuak.
Barne protokoloa ezker abertzalean esku hartzeko eta haren komunitatea balio feministetan ahalduntzeko tresna bat da. Zentzu horretan, erasoa jasan duenaz eta egin duenaz gain, komunitateak ere erantzukizuna dauka. Ondorioz, komunitateari ere badagokio protokoloaren parte izatea, eta deseraikitze eta eraldatze ariketa egitea.
Aipatutako horren guztiaren koherentzian aktibatu genuen Zarauzko protokoloa, gertakariak eraso matxista gisa identifikatu eta berehala. Hasieratik erasoa jasan duen pertsonarekin interlokuzioa izan dugu; harekin adostutako urratsen baitan, besteak beste, erasoa egin duena ezker abertzaleko espazioetatik behin-behinean kanporatu genuen bere garaian, tartean, Arranotik; neurri horrek indarrean jarraitzen du. Protokoloan zehazten diren beste zenbait urrats ere garatu dira, aurretik aipatutako norabidean doazenak.
Honen kudeaketan, ezker abertzaleko eta Arranoko batzordeko kideez gain, gaiak modu batera edo bestera eragiten dien Zarauzko beste zenbait eragileetako kideek ere parte hartu dute, mugimendu feministakoek barne.Hau guztia esanda, honako hau adierazi nahi dugu:
1.- Eraso matxistarik ez! Arranoko Batzordeak eta Sortuk eraso matxista oro salatzen dute, bai Arranon eta baita beste edonon ere, erasoa egin duen pertsona ezker abertzaleko kidea izan ala ez. Beti egin dugu hori eta baita orain ere. Orain arte salaketa publikorik egin ez badugu, erasoa jasan duenaren nahia errespetatu dugulako izan da; haren erabakia da edozein kasutan gertaera publiko egitea ala ez egitea.
2.- Erasoa jasan duen pertsona erdigunean. Arranoko Batzordeak eta Sortuk lehen egunetik aitortu zuten erasoaren larritasuna, baita erasoa jasan duen pertsonari lehen unetik jakinarazi ere. Horretan berresten gara.
3.- Barne protokoloak martxan darrai. Erasoa gertatu da, eta horrek ondorioak dakartza. Beraz, ekinbideak aurrera jarraitzen du eta barne protokoloan aurreikusitako urratsak ematen jarraituko dugu, aurrez zehaztutako norabidean lanketa egiten.
4.- Erasoaren salaketa publikoa. Bihar arratsalderako deitutako mobilizazioak erasoaren kudeaketa bera salatu nahi badu ere, guk erasoa bera salatu nahi dugu. Baina era berean, ezpada zenbait pertsonak bestelako helburu batzuk dituztela, susmagarria bezain larria iruditzen zaigu hainbatek Arrano Elkartearen eta ezker abertzalearen izena eta izana zikintzeko gertaera hau baliatu izana; tartean gezurrak erabili baitira. Onartezina da inork ezker abertzaleak eta Arranok gai honekiko duten konpromisoa eta irmotasuna zalantzan jartzea. Nolanahi ere, erasoa jasan duen pertsonaren denborak errespetatuz, salaketa publikoa egiteko erabakia hartu duenez, guk ere erasoa publikoki salatzea babesten dugu. Horregatik, dei egiten diegu zarauztarrei mobilizazioan parte hartzera.
Eraso matxistarik ez!!