Amaitu dituzte Iñurritza errekaren ingurumena berreskuratzeko lanak

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 4a, 13:37

Ur Agentziak ubideratzeko horma bertikalaren 260 metro kendu ditu eskuinaldean, eta Iritako paduraren zati handi bat berreskuratu du.

URA Ur Agentziak amaitu ditu Iñurritzako errekastoaren 260 metrotan egin diren ingurumena lehengoratzeko obrak. Gisa horretan, garai bateko Iritako paduraren zati handi bat berreskuratu dute, eta, aldi berean, hiri-ingurunean ur-goraldiak eta horiek izan ditzaketen eraginak arintzen lagundu du: emari handienei hedatzeko eremu bat eman diote, modu seguruan.

Alde batetik, eskuineko ertzean, hormigoizko horma bertikal bat kendu eta haren ordez ezponda etzan bat jarri dute. Obra horretarako, lehenik eta behin, 10.000 m3 lur eta gainerako eraispen hondar inguru hondeatu dira; ondoren, ezponda egokitu dute, eta zuhaixkak landatu dituzte, esaterako, elorri zuria, zuhandorra, sahats hauskara eta milazka.

Bestalde, hezegune zabala sortu da garai batean padura naturala zegoen lur artifizializatuetan. Marearteko eremu sentikorra denez, bioingeniaritzako teknikak aplikatu dira ingurunearen forma naturala eta bertako landaredia berreskuratzeko. Guztira, lizar arruntaren, haltzaren, astigarraren ) eta gurbitzaren 320 ale landatu dira. Era berean, inguruneko marearteko portaera berreskuratu da, marearen joan etorriari, marea altuaren eta baxuaren arteko dantzak hura iragazkortzea eta egungo lezkadia handitzen laguntzea ahalbidetzeko.

Proiektua egiteko lanak aprobetxatuz, eremuan dagoen landaredi inbaditzailea kentzeari ekin zaio, hala nola, banbua.

Olaá eta Iñurritza errekak uholdeetatik babesteko

Obra horiek Zarauzko uholdeetatik babesteko eta ingurumena hobetzeko proiektuaren zati dira, eta  horren esparruan, Olaá errekaren zati batean ere jardun zuten, autobidearen hegoaldean. 350 metroko estaldura kendu ahal izan zen eta aire zabaleko ibilbidea eman zitzaion errekastoari. Aurrerantzean, beraz, 100 urteko errepikatze-denborako ur-goraldiei eutsiko die.

Egindako lanei esker, 50.000 m3 lur eta arroka hondeatu eta kendu behar izan zituzten. Ibilguaren zabalera berria zela eta, bi zubi berri eraiki ziren (bata, Iturren eta bestea, Urragan). Jarduketa osoak 4.462.005,32 euroko inbertsioa izan du.