"Erantzun oso ona jaso dugu, oso gustura gaude izandako harrerarekin"

Mireia Galarza 2020ko eka. 5a, 12:23

Eskualdeko taberna eta jatetxe asko zabaldu dituzte jada, eta ondo moldatu dira hartu beharreko neurri zorrotzetara. Prest dira uda denboraldi hau gertuko bezeroekin osatzeko. Horien artean da Zarauzko Gure Txokoa jatetxea, eta bertako arduradun Elena Aizpuruarekin izan da HITZA.

Zer izango lirateke gure herriak pintxo, bokata eta menu nahiz jaki goxorik gabe? Taberna, jatetxe, sagardotegi eta erretegirik gabe? Martxoaren erdialdetik ideia bat egin ahal izan dute herritarrek, eta pixkanaka, baina hasi dira pertsianak altxatzen bateko eta besteko ostalaritza lokalak. Segurtasun neurri zorrotzekin zabaldu dituzte ateak, eta hala jarraituko dute beste pixkatean, nahiz eta poliki-poliki arinaldiaren faseek aurrera egin ahala, ari diren baldintzak malgutzen. Astelehenetik aurera, esaterako, tabernetako barran bertan jateko eta edateko aukera edukiko dute herritarrek, bi metroko segurtasun distantzia bermatuta. Gainera, edukiera erdia bete ahalko da taberna edo jatetxe barruan. Terrazetan, berriz, hiru laurdeneko edukiera bete ahalko da. Izan ere, egun horretan arinaldiko hirugarren fasean sartuko da Hego Euskal Herria; alarma fasearen azken fasea da hori.

Jada zerbitzua martxan duten sei ostalarirekin elkartu da hitza, eta denek azpimarratu dute COVID-19 birusaren zabalpena saihesteko neurri zorrotzak betetzen ari direla eta, alde horretatik, herritarrak lasai bertaratu daitezkeela beren taberna eta jatetxeetara. Hilabete gogorrak pasa dituzten arren, gehienek aprobetxatu dute lokalak margotzeko edo egokitzapen nahiz hobekuntzak egiteko, eta ilusioz daude lehengora bueltatzeko, jakin arren kosta egingo dela martxa hartzea eta hor dagoela mamua; atzera bueltatzeko arriskua, alegia.

Zarautzen dute Gure Txokoa jatetxea Elena Aizpurua eta Joxemari Mitxelenak. Aizpuruaren hitzetan, «oso gogorra» izan da hainbeste denbora jatetxea itxita edukitzea. Guztia ondo egotetik bat-batean «eromen honetara ohitzea» tokatu zaie, eta beldur da udazken aldean pandemiak berriro kolpatuko ote duen ostalaritza mundua. Babes neurriak jarri eta garbiketa kontuak eginda, edukiera %50ekoa izatea baimendu zutenean zabaldu zuten jatetxea. «Lanerako desiatzen» zeuden, eta bazuten bezeroekin berriro ere egoteko gogoa. «Erantzun oso ona jaso dugu. Urte asko daramazkigu, eta inguruko jendeak ezagutzen eta babesten gaitu», nabarmendu du Aizpuruak. Langile zein bezeroak babesteko gelak ipini dituzte, eta maskarak eta pantailak ere erabiltzen dituzte gutxieneko distantzia mantendu ezin dutelako zerbitzu garaian. Astelehenetik aurrera, hirugarren fasean, legez jende gehiagok egon ahalko du jatetxean, baina distantzia mantendu behar bada, ezinezkoa izango zaiela jakinarazi du Gure Txokoakoak.