'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' saiakera liburua aurkeztu du Alex Gurrutxagak

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 8a, 14:44
Alex Gurrutxaga saiakera liburua eskuetan duela. (Aritz Mutiozabal)

Xabier Leteren poetikaren inguruan eginiko doktore tesian oinarritu da egile zarauztarra liburua ontzeko orduan. Gurrutxagak dio liburuak "talaia askotatik" begiratzen diola artista oiartzuarraren obrari. Alberdania argitaletxearekin argitaratu du.

Martxoan defendatu zuen Xabier Leteren poetika: aldaeren azterketa eta bilakabidearen irakurketa bat doktore tesian du sorburua Alex Gurrutxagak gaur goizean aurkeztu duen Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria saiakera liburuak. Alberdania argitaletxearen eskutik dator, eta ikerketa mailaren gorentasun eta zorroztasunari eutsiz,  modu atseginean Leteren obra irakurtzeko edo berrirakurtzeko gonbita bat da. Baita haren poesia eta pentsamendu poetikoa ezagutzeko ere.

«Saiakera honek talaia askotatik begiratzen die Xabier Leteren mundu poetikoari eta sorkuntza lanari», azaldu du Gurrutxagak. Liburuak pieza askorekin osatutako ikusmira zabal bat osatzen du, eta askotariko elementuak eta osagaiak txertatu dizkio: batetik, Leteren obra eta bere bizitzako hainbat bizipen, eta, bestetik, Leteren sorkuntza lanak eta garaian garaiko testuingurua lotzen ditu. "Horrez gain, abestiek eta poemek ezkutatzen dituzten ideiak, Leteren filosofia eta irudi poetikoen sorburu diren bizipen eta paisaiak xehatzen ditu».

Hiru atal nagusitan banatu du liburua: Hamahiru, eta gehiago (1965-1978), Ihes beterik ez (1879-1990) eta Jaso nazazu, maite (1991-2008) . Horietako bakoitzean, testu labur askotan poemak edo abestiak komentatzen ditu egileak, itzulpenei buruz hitz egiten du, testuinguruan edo elementu biografikoetan sakontzen du, eta tarteka kantaldietako pasadizoak hartzen ditu hizpide. «Pieza horiek elkartuz, poeta kantariaren obraren eta haren garrantziaren neurria ematen du saiakerak», nabarmendu du.

Liburuan barna, beraz, Leteren ibilbide poetiko eta musikala ulertzen laguntzen duten 21 poema eta abesti datoz,nolabaiteko antologia txiki bat osatzen dutenak. Horrez gain, Leteren argitaratu gabeko zortzi testu zati ere sartu ditut, hainbat klasetakoak, Leteren obra hobeto ulertzen laguntzen dutenak.
     

Txori kantazale: Xabier Lete berrezagutzen

Aurkezpenean, era berean, Eusko Ikaskuntza – Laboral Kutxa Gazte Saria izan dute aipagai, eta horren harira, Alex Gurrutxagak eta Joana Otxoa de Alaiza piano-jotzaileak prestatu duten Txori kantazale: Xabier Lete berrezagutzen errezitaldia. Gurrutxagak azaldu duenez, «50 minutu inguruko ekitaldia da, eta piano-musika eta hitza uztartzen ditu. Testuen kasuan, Xabier Leteren poemak irakurriko ditugu, testu ezezagunak ekarri, haren obrari buruzko azalpenak eman… Musikari dagokionez, berriz, Leteren piezak moldatuko ditugu, eta baita hark maite zituen doinuak interpretatu ere». Laster hasiko omen dira errezitaldi hori Euskal Herrian zehar eskaintzen. Ondorengo aurrerapen bideoa ere zabaldu dute: