Osasun krisialdia ez ezik, ekonomian ere ekarri ditu ondorioak koronabirusak. Azken hilabeteetan gora egin du langabezia tasak Euskal Herriko txoko gehienetan, baita Zarautzen ere. Lanbidek emandako datuen arabera, urte hasieratik apirilera ia puntu bat eta erdi igo zen langabezia herrian; hau da, %7,7tik %9,1era igaro zen lanik gabe zeuden zarauztarren ehunekoa. Maiatzean ere joera berretsi egin da joera, eta 0,2 igo da tasa: hain zuzen ere, maiatzeko datuen arabera, %9,3 da Zarauzko langabezia tasa.
Pertsona kopuruari erreparatuz gero, maiatzaren bukaeran 1.063 lagun ziren lanik gabe, apirilean baino 20 gehiago. Urtarrileko datuekin konparatuta, berriz, maiatzean 189 lagun gehiago ziren lanik gabe. Eta 1.063 langabetatik 454 ziren gizonak, eta 609 emakumeak; hau da, emakumeak dira langabeen %57,3. Adin tarteka aldeak nabarmenak dira; izan ere, 25 urtez azpiko 59 gizon eta 40 emakume zeuden lanik gabe pasatu berri den hilabetean; 25 eta 44 urte bitarteko 208 gizon eta 279 emakume; eta 45 urtetik gorako 187 gizon eta 290 emakume. Apirilean gisan, gazteen adin tartean gizonak baino gutxiago dira emakume langabeak, baina gainerako bi adin tarteetan, emakume langabeen kopurua gizonena baino handiagoa da, batez ere, helduenen kasuan.
Bestalde, maiatzean langabezian ziren herritarrek zer eremutan egiten zuten lan ere zehaztu du Lanbidek: 19 nekazaritzan, 123 industrian, 36 eraikuntzan, 793 zerbitzuetan eta 58 lehendik zeuden lanik gabe.
Inguruko herrietan zer?
Zarauzko langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%10,9) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,2) azpitik dago. Urola Kostako batez bestekoa, berriz, %9,4 da –apirilean %9,1 zen–; eta zenbateko hori baino pixka bat baxuagoa da Zarauzkoa. Dena den, eskualdeko ia herri guztietan egin du gora langabeen kopuruak apirilarekin alderatuta: maiatzean, guztira, 3.555 lagun ziren lanik gabe, apirilean baino 108 pertsona gehiago. Horietatik 2.011 emakumeak dira (%56,56) eta 1.544 gizonak.
Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak: Aia %7,1 (apirilean, %6,5); Aizarnazabal %13,2 (apirilean, %13,4); Azkoitia %9,9 (apirilean, %9,5); Beizama %8,5 (apirilean, %6,8); Errezil %6,7 (apirilean, %5,7); Getaria %8,1 (apirilean, %7,7); Orio Zarautz %9,3 (apirilean, %9,1); Zestoa %9,5 (apirilean, %9); Zumaia %9,1 (apirilean, %8,9). Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena, eta haren ostean dira Azpeitia eta Azkoitia tasa berarekin. Herri horiek eta Zestoak gainditzen dute eskualdeko tasaren batez bestekoa; gainerako herriek tasa baxuagoa dute.