San Pelaio jaiak 2020

San Pelaio bezperako danborrada "sinbolikoa eta berezia" izango da aurten

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 11a, 11:15

Ekitaldia Lege Zaharren enparantzan izango da eta gehienez 200 pertsona egon ahalko dira bertan. Parte hartzeko gonbidapenak zozkatu egingo dituzte.

COVID-19a hedatzea saihesteko segurtasun neurriak direla eta, San Pelaio festak ezberdinak izango dira aurtengoan. Zarauzko Udalak jakinarazi du egitarau "xume, berezi eta sinbolikoa" prestatzen ari direla ekainaren 25 eta 26rako.

San Pelaio bezperan ekitaldi berezia ospatuko dute Lege Zaharren enparantzan, baina, gehienez ere 200 herritarrek izango dute bertaratzeko aukera. Helduen danborradako hamabi elkarte gastronomikoetako ordezkari banak Manolo Urbietaren piezak joko dituzte danborrada berezian, eta Pelaio Deunaren ereserkia abestu aurretik, txupina bota ordez, ixilunea gordeko dute, COVID-19a pairatu duten zarauztar guztiak gogoan. Gauerdia iritsi aurretik, berriz, Felix Zubia eta Nahikari Gabilondo bertsolariek girotuko dute ekitaldia.

Edukiera kontrolatzeko, zozketa

200 pertsona sartu ahalko dira gehienez ere Lege Zaharren Enparantzan ekainaren 25eko ekitaldian. Jende gehiago bertaratzea ekiditeko, zozketa egingo du udalak han izan nahi duten herritarren artean, eta 100 zorteduni gonbidapen bikoitza emango diete. Zozketan parte hartzeko aukera izango da esteka honetan klikatu, bertako formularioa bete eta helbide elektroniko bat jarrita, ekainaren 14tik 19ra bitartean. Behin izena emandakoan, mezu elektronikoa jasoko du herritar bakoitzak egokitu zaion zenbakiarekin. Zarautzen erroldatutako 14 urtetik gorako herritarrek hartu dezakete parte, eta zozketa ekainaren 22an egingo dute, jendaurrean.

Xabier Txurruka alkateak azaldu du "betebeharra" dela San Pelaio bezperan egingo diren ekitaldien aforoa zaintzea. "Segurtasun eta higiene neurriak ere bermatuko ditugu, ezohiko San Pelaio bezperako ekitaldi honetan". Bestalde, gaineratu du gonbidapenik gabe geratzen diren herritar guztiek ERLO Telebistan bidez ekitaldia ikusteko aukera izango dutela.