Ekainaren 15ean irekiko dute Sanz Eneako ikasgela

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 11a, 14:13
Sanz Eneako sotoko ikasgela. (Zarauzko Udala)

09:00etatik 15:00etara egongo da zabalik momentuz. Gehienez ere hamabi lagun egon ahalko dira sotoko ikasgelan, eta helduen liburutegian, gehienez hamabost.

Gainontzeko establezimendu eta zerbitzuak bezala, itxita egon da Sanz Eneako ikasgela ere azken hiru hilabeteetan. Neurri zorrotzekin bada ere, haurren zein helduen liburutegiak martxan dira, eta astelehenetik aurrera, erabilgarri egongo da Sanz Eneako ikasgela ere.

"Herriko ikasle askok selektibitatea eta hainbat azterketa prestatu behar dituztenez, ikasteko aukera emango diegu berriz ere", aditzera eman du Irune Urbieta Hezkuntza eta Kultura zinegotziak. Sanz Eneako sotoko ikasgelan hamabi lagun egon ahalko dira gehienez, eta, helduen liburutegian, beste hamabost. Ordutegia, momentuz, 09:00etatik 15:00etara izango da.

Era berean, udalak jakinarazi du maileguak eta itzulketak egiteko aukera dagoela helduen liburutegian, baita kontsultak egitekoa ere. Internet erabili ahal izateko bost leku daude; prentsa zerbitzurik, berriz, ez da egongo, eta komunak itxita egongo dira. Haur liburutegiari dagokionez, maileguak eta itzulketak bakarrik egin daitezke.