Astelehenetik aurrera kontrolatuko dute hondartzaren edukiera

Amaia Urbieta Arruti 2020ko eka. 12a, 11:23

Gune gehienek 250 metroko luzera eta beste horrenbesteko zabalera edukiko dute, eta guneen arteko mugikortasuna baimenduta egongo da. Udalak 800.000 euroko inbertsioa egin du hondartza egungo baldintzetara egokitzeko.

Astelehenean bertan jarriko du martxan Zarauzko Udalak hondartzaren edukiera kontrolatzeko sistema. Egunotan udal langileak malekoiaren ertza hesitzen eta sarrera-irteeretan etxolak jartzen aritu dira horretarako, eta dagoeneko prest dago azpiegitura.

Inbertsio indartsua egin du Zarauzko Udalak hondartza egokitzeko uda berezira: guztira, 800.000 euro inguru. 590.000 euro bideratu dituzte sorosleen zerbitzura, 142.000 euro sarbideen kontrolera, eta gainontzekoa egin beharreko itxitura, kontrol eta Udaltzaingoaren zerbitzura. Xabier Txurruka alkateak duela aste batzuk aurreratu bezala, zazpi gunetan zatitu dute hondartza. Gune bakoitzak 250 metroko zabalera eta beste horrenbesteko luzera izango ditu marea behean dagoenean, bi gunek izan ezik: Argiñano aurreko guneak 300 metro izango ditu, eta Borgettokoak 450. 250 metro luze eta zabal dituzten guneetan gehienez 1.000 pertsonak egon ahal izango dute marea behean dagoenean. Marea goian dagoenean, berriz, edukiera ezberdina finkatuko da gunearen arabera, eta marea hilen edo bizien arabera. Edukieraren zifra Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Aztirekin batera erabaki du udalak. "Kopuru horrek bermatzen du erabiltzaileek distantzia eta lekua eduki ahal izatea". Horren harira, megafonia bitartez gomendatuko du Zarauzko Udalak hondartzako egonaldia gehienez ere bi ordukoa izatea, Gipuzkoako gainontzeko hondartzetan egingo duten moduan.

Etxoletan kontrola

Edukiera zaintzeaz arduratuko dira orain arte toldoez arduratu diren enpresetako kideak. Beraien lana izango da etxola horietan bainuzaleen sarrerak eta irteerak zaintzea. Hondartzan gertatzen dena kontrolatzeaz, berriz, Udaltzaingoa arduratuko da. Jende kopuruaren kontrola zentralizatuta egongo da eta une oro izango da Zarauzko hondartzaren okupazioaren neurketa "zuzena eta zehatza", alkatearen arabera. "Garrantzitsua izango da zenbaketa zuzena eta zehatza izatea, hori izango delako bermatuko duena jendea gune bakoitzean lasai asko ibili ahal izatea".

Beraz, hondartzan eguzkia hartzen egoteko inolako arazorik ez da egongo, eta eremu ezberdinen arteko mugikortasuna ere baimenduta egongo da. "Urertzetik paseatzea egongo da, lasai asko", azaldu du alkateak. Marea gora datorren heinean, ordea, martxa egin beharko du jendeak hondartzatik. "Bainuzaleek ohartu beharko dute mareak botatzen dituela eta irteteko unea iritsi dela", gaineratu du Txurrukak. Lehen instantzian ez bada betetzen, Udaltzaingoa arduratuko da hori kontrolatzeaz. Alkateak azaldu duenez, momentuz, etxoletako zenbaketaren ordutegia 10:00etatik 18:00etara artekoa izango da.

Nola izan hondartzaren egoeraren berri?

Komunikazio aldetik ere plangintza bat badu udalak, eta datorren astetik aurrera zenbatzaileak jarriko dituzte malekoiko etxoletan. Modu horretan, pasatzen direnek gune bakoitzeko edukiera ikusiko dute, baita une horretan zenbat jende gehiago sar daitekeen ere. "Noizbait gertatuko balitz ate bat itxi beharra, etxoletan kontrolatzen ari direnek azalduko liekete datozenei gune hori itxita dagoela, baina besteren batean geratzen dela lekua eta joateko hara", argitu du Txurrukak.

Zarauzko sarbideetan ere emango dute hondartzako edukieraren egoeraren berri. Nafarroa kaleko sarreran eta autobideko sarreran panel informatzaileak jarriko dituzte, bisitariek jakin dezaten zein den hondartzaren okupazioa. Bestalde, Zarauzko Udalaren webgunean eta Turismo Bulegoaren webgunean egongo da ikusgai une oro zein den hondartzaren egoera, zehatz mehatz. Gomendio orokorra izango da marea goian dagoenean ez joatea hondartzara. Marea behean dagoenean, berriz, guztira 8.000 pertsonako aforoa izango du hondartzak, eta Txurrukak azaldu du, datozen asteetan bederen, ez dutela aurreikusten zifra horretara iristea. "Gure datuen arabera 10.000 bainuzale inguru izatera iritsi gara abuztuko asteburu konkreturen batean". Alkateak zehaztu du bainuzaleak zenbatuko dituztela, beraz, zenbaketa horietatik kanpo geratuko lirateke surflariak.

Beste zerbitzuak

Aurreko urteetan bezala, martxan izango da aurten ere bainu egokituaren zerbitzua. Segurtasun baldintzak beteta, hondartzainak arduratuko dira zerbitzua eskaintzeaz. Dutxa zerbitzua ere martxan egongo da, ez ordea oinak garbitzeko zerbitzua, alkateak azaldu duenez, heldulekuetan ezin delako garbiketa jarraitua bermatu. Malekoiko iturriak ere martxan jarriko dituzte astelehenetik aurrera.

Astelehenean martxan

Nahiz eta hondartza denboraldi ofiziala uztailaren 1ean hasiko den Gipuzkoako hondartza guztietan, "Zarauzko ohitura mantenduz", ekainaren 15etik aurrera zerbitzu guztiak izango dira martxan Zarautzen. "Uztailaren 1a iritsi bitartean afinatu egingo dugu neurketak nola egin, eta martxa hartuko dugu uztailaren 1ean zarauztarrek eta bisitariek hondartzaz goza dezaten", gaineratu du Txurrukak.