Bonoen bidezko salmenta jarriko du martxan udalak, 'Erosi Zarautz 2020' programaren barruan

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 12a, 17:34

Kanpainan parte hartzeko aukera izango dute alarma egoeran itxi behar izan duten edo 2019arekin alderatuta %40ko galerak edo handiagoak izan dituzten Zarauzko zerbitzu eta merkatariek.

90.000 euro inbertituko ditu udalak 30 euroko balioa izango duten 9.000 bonotan. Bonoak saltoki bakoitzak emango dizkie erosleei zuzenean, eta gutxieneko 30 euroko gastua eginez gero, 20 euro ordainduko ditu bezeroak, eta udalak gainontzeko hamar euroak. Herritar guztiek aukeren berri izan dezaten, informazioa banatuko dute datozen egunetan herriko postontzietan.

Kanpainan parte hartzeko aukera izango dute alarma egoeran itxi behar izan duten edo 2019arekin alderatuta (denbora tarte berean) %40ko galerak edo handiagoak izan dituzten Zarauzko zerbitzu eta merkatariek. Horretarako, www.zarautz.eus webgunean edo Merkataritza/Garapen Arloko Bulegoan (Salegi Kalea 14) eskuragarri izango den dokumentua beteta entregatu beharko dute, aurrez aurre bulegoan zein emailez,  gatc@zarautz.eus helbidera idatzita. Bulegoa zabalik egongo da 09:30etik 15:00etara. Ekainaren 19a izango da kanpainan izena emateko azken eguna, eta Iker Basurko Garapen Ekonomikoko zinegotziak interesdunei izen ematea ez atzeratzeko gomendatu die.

Basurkok baieztatu du egitasmoa "interesgarria eta eraginkorra" dela, herritarrentzat "injekzio ekonomiko zuzena" delako. "Horrelako ekintzak martxan jartzeak dakarren kudeaketa lana errazteaz gain, laguntzak ekitatiboki banatzea ahalbidetzen du”, gaineratu du zinegotziak. Hain zuzen, 'Erosi Zarautz 2020' Bono Programaren lehen zatia da abian jarriko duten kanpaina, eta, udalak jakitera eman duenez, udazkenera begira ere zabalik utzi dute beste ekintzaren bat egiteko aukera.

Kotoizko poltsak merkataritza babesteko

Basurkok gogorarazi du ‘Erosi Zarautzen’ kanpainak martxan jarraitzen duela. Sektorea bultzatzeko, herriko zerbitzu eta establezimenduetan 25 euro baino gehiagoko erosketa eginez gero, kotoizko poltsa bat jaso daiteke opari. Eskaintza hori ekainaren 18tik 30era bitartean egongo da indarrean, eta informazio xehea helaraziko dute herritarren etxeetara.