Datorren urtera atzeratu dute 50. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 16a, 09:37

Antolatzaileek adierazi dute beren esku zegoen guztia egin dutela, baina "ezinezkoa" izan dela aurreikusita zuten programa jarraitzea.

Uztailaren 25ean zen jokatzekoa Getaria-Zarautz itsas zeharkaldiaren 50. urteurreneko proba, baina egoerak hala bultzatuta, azkenean 2021eko uztailera atzeratu behar izan dute. "Gure esku zegoen guztia egin dugu, baina baldintza hauetan, ezinezkoa egin zaigu aurreikusita geneukan programarekin jarraitzea, eta 50. urteurrenak trataera berezia merezi duela uste dugu", adierazi dute antolatzaileek.

Izena emanda duten igerilariek bi aukera izango dituzte: batetik, datorren urtean ospatuko den 50 urteurrenerako izen-ematea mantendu, eta, bestetik, izen-emate kuota itzultzea eskatu eta baja eman. Antolatzaileek posta elektroniko bat bidaliko diete izen-emateen plataformatik jarraitu beharreko pausoak adieraziz.