Zurekin ostalarien elkarteak konpromisoa hartu du segurtasun neurriak betetzeko

Bezeroei pazientzia eta ulerkor izatea eskatu diete, eta adierazi dute Zarauzko ostalaritza ingurune "segurua eta konfiantzazkoa" izatea dela helburua.

Zurekin Ostalari Elkarteak agintariek ezarritako segurtasun neurriak betetzeko konpromisoa hartu du, eta hala helarazi nahi die zarauztarrei. Horrez gain, elkarteak dei egin die ostalari eta bezero guztiei indarrean diren jarraibideak errespetatzeko. Besteak beste, establezimenduaren barruan maskara erabiltzeko eta hala betearazteko eskatu dute, bezeroak kontsumitzen ari diren bitartean izan ezik. "Guztion segurtasunagatik, beharrezkoa zaigu mahai eta aulkiak garbitu eta desinfektatzea ere. Hori dela eta, pazientzia eta ulerkor izatea eskatzen diegu bezeroei", gaineratu du elkarteak. Horren guztiaren helburua da ostalaritza "bezero estimatuentzat ingurune segurua" izatea, eta "betiko moduan, konfiantzazkoa".