Hamar urte bete dituzte Itulazabalgo baratzeek

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 17a, 12:28

Hemezortzi herritar daude eskaria eginda itxaron zerrendan. Erabiltzaileen %80k modu egonkorrean lantzen dute baratzea.

Zarautz izan zen aisialdiko baratzeetarako lurzoru publikoa herritarren eskura jarri zuen udalerri aitzindarietako bat. Garai hartan berrikuntza zena, gaur egun ohikoa bihurtu da udalerri askotan, eta horietako ordezkari batzuk Itulazabalgo baratzeak bisitatzera hurbildu izan dira, ideiak hartzeko eta esperientziak partekatzeko.

Hamar urteren ondoren, Itulazabalen baratze publikoek errendimendu betean jarraitzen dutela jakinarazi du udalak. Eskuragarri dauden 179 baratzeetako askotan etengabe ekoizten aritu dira hamar urte horietan.

COVID-19ren pandemiak eragindako egoeraren aurrean, Patxi Elola zinegotzi arduradunak, "hasieratik proiektuaren bultzatzailea izan denak", baratze parkearen egoera "aztertu eta eguneratu" nahi ditu. Horren ondorioz, interesatuei baratze berriak emateko itxaron-zerrendan izena emateko gonbidapena egin diete duela gutxi. Deialdi berria egin zutenetik 53 eskaera jaso dituzte, eta horietako 35i baiezkoa eman diete. Itxaron zerrendan dauden hemezortzi eskatzaileei, berriz, "aukera berriak sortzen direnean" erantzungo diete. Baratzea lantzen ez dutenei emakida kenduko die udalak. Horrela, hamar urte igaro ondoren, udal ordenantza berrikusiko dute baratzeen kudeaketa errazteko eta lantzen jarraitu nahi duten erabiltzaile guztiei emakida berritzeko.

Erabiltzaile berriez gain, baratzea lantzen duten 144 herritar daude egun. Esleipendun guztien artean, %80ak baratzearen erabilera konstantea egiten duela zehaztu du zinegotzi arduradunak. "Baratze horiek izaera soziala eta aisialdikoa dutenez, esleipenetarako lehentasuna ematen zaie pentsiodunei eta langabezian daudenei, enplegua duten eskatzaileak azken postuetan utzita", argitu du Elolak. "Erabiltzaile gehienak erretiratuak, arduratsuak eta baratzezaintzarekiko leialak badira ere, jende gazte asko ilusioz hasi zen eta urtez urte uzta oso ona eta askotarikoa eskuratzen jarraitzen dute", gaineratu du. Estilo, ekoizpen modu eta esleipenen jatorriei dagokienean ere "aniztasuna" dagoela azpimarratu du zinegotziak: "alemaniarrak batzuk, txinatarrak, filipinarrak, Amerika erdialdekoak, Europa erdialdekoak daude besteak beste, guztiak Zarautzen erroldatuak".