Ekainaren 22an zabalduko da Aritzbatalde kiroldegia

Amaia Urbieta Arruti 2020ko eka. 17a, 12:59

Bost sektoretan banatuko dute kiroldegia eta, momentuz, ezingo da gune batetik bestera igaro. Fitness gunea, igerilekua eta frontoia ekainaren 29an jarriko dira martxan, eta erabiltzeko hitzordua hartu beharko da.

Hiru hilabetez itxita egon da Aritzbatalde kiroldegia COVID-19 pandemiak eragindako larriadi egoera medio. Udalak jakinarazi du ekainaren 22an, normaltasun berriarekin batera, zabaltzen hasiko direla Aritzbatalde kiroldegia, modu mailakatuan.

Ateen irekiera ezinbestean baldintzatua egongo da, eta derrigorra izango da higiene eta segurtasun neurriak jarraitzea. Kontingentzia Plana prest du Kirol departamenduak: "Eragile askorekin elkarlanean landu dugu plana, eta xede nagusia da zerbitzuak langile zein erabiltzaileentzat segurasun eta higiene berme guztiekin eskaintzea", azaldu du Leire Arana Kirol zinegotziak. Horretarako, bost sektoretan banatu dute kiroldegia: Harrera, Ikastaroak (bigarren solairuan), Igerilekua, Fitness (lehen solairuan) eta kiroldegiko alde zaharra (frontoiak erreserbatzeko eta ZKE udalekuentzat). Sektore bakoitzak bereizita izango ditu sarrerak eta irteerak, distantziak mantendu ahal izateko eta erabiltzaileak elkarrekin ahalik eta gutxien gurutzatzeko. Seinale bidez adierazita egongo da nondik igaro behar duten erabiltzaileek. Higiene puntuak egongo dira –erabilera aurretik eta ondoren eskuak eta makinak desinfektatzeko–, eta gune bakoitzean protokoloak eta araudiak egongo dira.

Hala, ekainaren 22an Harrera zerbitzua eta Ikastaroak martxan jarriko dituzte eta, dena ondo bidean, Fitness eta Igerilekua ekainaren 29an. Harrera zerbitzua aurrez aurreko arretarako datorren astelehenean zabalduko dute, baina gaurtik aurrera kiroldegiko 943-00 51 23 telefonoa eta kirola@zarautz.eus helbide elektronikoa martxan egongo dira 08:00etatik 17:00etara, arreta eta informaziorako. Aurrez aurreko arreta zerbitzua, berriz, astegunetan eskainiko da, 08:00etatik 20:00etara, eta bertaratzeko hitzordua eskatu beharko da aurrez, aipatutako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez. Hitzordura puntual bertaratzea eskertuko dela gogorarazi du udalak.

Ikastaroak

2019-2020ko ikastaroak halabeharrez amaitutzat eman behar izan dituzte, baina, udara begira, inoizko eskaintzarik zabalena prestatzen ahalegindu dira. Ondoko ikastaroetan izena emateko aukera dago gaurtik aurrera:

  • Gazteentzat eskaintza (12-16 urte): Gazte-yoga, Gazte-fit eta Gazte-spinning.
  • Helduentzat eskaintza (16 urtetik gora): Yoga, Pilates, Zunba, Total Training, Spinning, Spin Tonif, Hipopresiboak, Aktiba, OsasunFit, GAP-Core, Stretching eta Postural Balance.
  • +60 helduentzat eskaintza: OKI (oreka, koordinazioa eta indarra).

Udako ikastaroak, momentuz, ekainaren 22an hasiko dira, eta uztailaren 30ean amaitu. Lehentasuna izango dute martxoan ikastaro horietan izena emanda zuten erabiltzaileek, eta plaza libreak ohi bezala eskainiko dituzte. Ikastaro guztiak bigarren solairuan eskainiko dira eta sarrera zein irteera Araba kaleko eskaileretatik egokitu dute. Aldagelak (gehienez 8 lagun) eta takilak erabilgarri egongo dira, garbiketa eta desinfektatzeko plan zehatzari jarraiki.

Fitness gunea, igerilekuak eta frontoia

Kirol zinegotziak aurreratu duenez, ondo bidean, fitness gunea (lehen solairuan, pisu libreko gunea izan ezik), igerilekuak (gune termala izan ezik) eta frontoia erreserbatzeko aukera ekainaren 29an jarriko da martxan. "Momentuz, %50eko edukierarekin zabalduko ditugu espazio horiek, eta erabiltzeko aurretik hitzordua hartu beharko da. Horrez gain, edukiera muga dagoen bitartean ez da mugikortasun librea baimenduko kiroldegiko sektoreen artean. Adibidez, fitness aretoa erabiltzeko erreserba egiten duen erabiltzaileari sarbidea gune horretarako bakarrik baimenduko zaio, erreserba duen orduan, erabilera iraupen muga batekin", azaldu du Kirol zinegotziak.

Hiru gune horien erreserben baldintzei buruzko informazio zehatza datozen egunetan jakitera emango dutela jakinarazi du Aranak. Besteak beste, bazkidetza kuotaren inguruko ezaugarri berriak ere zehazuko dituzte.

Arau berriak

Arau orokorrak zein gune bakoitzerako espezifikoak biltzen dituen araudia prestatu du udalak, kiroldegiaren irekierarako. Besteak beste, araudi orokorrean jasota daude maskararen derrigorrezko erabilera–kirola egitean soilik kendu ahalko da–, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea sarrera-irteeretan, distantzia mantentzea, tamaina handiko toaila, toaila txikia eta norberak bere ur ontzia eramatea.

Bestalde, garbiketa zerbitzua berregokitu dute kiroldegian, segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko. Egun osoan zehar sektore bakoitzeko garbitzaile lantaldeak lanean jardungo dira, eta higiene postuak ekipatuta egongo dira: sarrera-irteeretan hidrogela egongo da, eta makinen alboan desinfektatzeko likidoa, papera eta dagokion zakarrontzia.

Aranak eskerrak eman dizkie kiroldegiko erabiltzaileei instalazioak itxita egon diren asteetan izan duten "jarrera onagatik". Aurrerantzean ere "pazientzia" eskatu nahi die erabiltzaileei, eta jakitera eman du "lan eta ahalegin handia" ari direla egiten osasun baldintzak kontuan hartuta "ahalik eta zerbitzu onena emateko". Bestalde, gaineratu du egunotan aurkeztuko dituzten erabilera baldintzak aldatu egin daitezkeela COVID-19aren garapenaren arabera.