Hiruerreketako saneamendu sarearen zati bat berritzen ari da Gipuzkoako Urak

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 18a, 15:52

Construcciones Alzola S.L. enpresari esleitu dizkiote obrak 35 mila euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), eta aurreikuspenen arabera, lau astetan egingo ditu berritze lanak.

Hiruerreketa auzoko saneamendu sarearen zati bat ordezkatzen ari da Gipuzkoako Urak sozietatea; Azpeitia Bideako 10, 12 eta 14 zenbakietako gunean ari da lanean, hain zuzen ere. Obra honen helburua da auzoko saneamendu sarea hobetzea da, egun puntu batzuetan hoditeriak pitzadura batzuk dituelako. Datozen egunetan inguruko eraikinen hondakin urak jasotzen dituen kutxatila berritu, errepide azpitik gurutzatzen duen hodia ordezkatu eta kolektore berria kokatzeko zanga bat egingo dute.

Berritze lanak Construcciones Alzola S.L. enpresari esleitu dizkiote 35.561,17 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne), eta lanak lau astetan egingo dituela aurreikusi dute. Udalak adierazi duenez, lanek oso eragin txikia izango dute trafikoan, eta dena delakoarekin bertako bizilagunei aurrez jakinaraziko diete.

Untzaingo ur-biltegiko obrak amaituta

Udalak hala eskatuta, Untzaingo ur-biltegiaren inguruko ur-hornidura sarea berritzeko lanei ekin zion apirilaren erdialdean Gipuzkoako Urake-ek, eta dagoeneko obra horiek amaitu ditu. Gisa horretan, fibrozementuzko bi arteria nagusi berritu dira, Untzaingo biltegian jatorria dutenak eta autobide azpiko pasagunearen parean fundiziozko-sareekin lotuak daudenak. Salberdinera lurperatuta eraman behar den argindar sare berria ahalbidetzeko lanekin koordinatu dira lan hauek.