San Pelaio jaiak 2020

Olibondo bat landatuko dute COVID-19aren garaian joandako herritarren omenez

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 19a, 13:00
Zarauzko udal taldeetako ordezkariak. (Aritz Mutiozabal)

Udalak ekitaldi irekia antolatu du San Pelaio bezperan, 12:00etan, Arrosategi parkean. Gisa horretan, pandemiaren garaian zendutako zarauztarrak "duintasunez" agurtu nahi dituzte. Egitasmo honekin abiatuko dituzte aurtengo festak.

Sanpelaioen atarian, COVID-19aren ondorioz agurrik jaso gabe joandakoak eta egoeraren krudeltasuna bizitzen ari direnak ditu gogoan Zarauzko Udalak. Herriko jaiak ezingo direla nahi bezala ospatu nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak, baina antolatu dituztela ekitaldi gutxi batzuk, eta, nagusienek pisu sinbolikoa izango dutela. Hilaren 25ean, San Pelaio bezperan, olibondo bat landatuko dute Arrosategi parkean, COVID-19ak eragindako pandemiaren garaian zendutako zarauztarren alde, horiek "duintasunez agurtu" ahal izateko.

Ekitaldi xumea izango dela dio alkateak, eta aurreratu du zeremonia kutsua izango duela, musika zein errezitaldiarekin. Saio irekia izango da, eta bertaratzen direnek palarekin lurra botatzeko aukera izango dute olibondoaren landaketan; eskularruak udalak jarriko dituen arren, ezinbestekoa izango da maskararekin joatea. Sarrera parrokiko atetik egin beharko da, eta ekitaldia garaiz hasi dadin, minutu batzuk lehenago joatea gomendatu dute.

Landatuko duten olibondoa Villalonga espeziekoa dela jakitera eman du Patxi Elola Lorazaintza zinegotziak. 500-600 urte inguru ditu eta Castellotik (Herrialde Katalanak) dator; azken bost urteak Alfaroko (Errioxa, Espainia) Pedro Agirre haztegian pasatu ditu, eta bertan kontrol fitosanitario guztiak pasatu ditu. Lau eta erdi metroko garaiera du, eta zortzi tona pisatzen ditu. Oroimenerako eskultura bat izango dela iritzi dio Elolak.

Ekitaldiarekin, era berean, pandemiaren garaian laguntzen aritu diren norbanakoak eta eragile ezberdinak eskertu nahi ditu udalak. "Festa ez dugu nagusiki ospatuko sasoi hauetan, baina pentsatzen dugu zor genuela horrelako ekitaldi bat antolatzea. Aurten, eguerdiko suziria jaurti beharrean, honekin zabalduko ditugu sanpelaioetako ekitaldiak", azaldu du Txurrukak.

Egitarauarekin jarraituz

Haurren Agerraldiko danborradarik ez da izango aurten, baina Imanol Urbietak sortutako abestien doinuak kalez kale entzun ahal izango dira, ohiko lau auzoetatik hasita. Izan ere, txaranga bana abiatuko da 18:30ean Itxasmendi, Iñurritza, Vista Alegre eta Azken Portutik. "Nahi duenak danborra jotzeko aukera izango du haien erritmora, betiere segurtasun neurriak kontuan hartuta", nabarmendu du alkateak.

Gauean, 23:30ean, herriko elkarteetako danborradako ordezkariek Imanol Urbietaren abestiekin astinduko dituzte danborrak, Lege Zaharren enparantzan. Gauerdia baino hamar minutu lehenago Felix Zubia eta Nahikari Gabilondo bertsolariak ariko dira balkoitik balkoira, eta ordua iristen denean, Pelaio Deunaren ereserkia abestu aurretik, txupina bota ordez, isilunea gordeko dute, COVID-19a pairatu duten zarauztar guztiak gogoan. Ekitaldiak edukiera mugatua izango du, 200 lagunentzat, zozketa bidez egokituko dena. Edonola ere, streaming bidez ikusteko aukera izango da Erlo Telebistan, baita udalaren Youtubeko kanalean ere.

San Pelaio egunerako, hilaren 26rako, gauza gutxi antolatu dituzte: 09:00etan, goiz eresia izango da dultzaineroekin eta trikitilariekin; 11:00etan, meza nagusia San Pelaio ermitan; eta, bukatzeko, Lizarrako dultzaineroen emanaldia Musika Plazan, 13:00etan.