Ireki dituzte haur eskolak

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 22a, 08:38
Gaur goizean haur eskolara iritsi den familietako bat (Onintza Lete Arrieta)

Hego Euskal Herriko haur eskolak gaur zabaldu dituzte bi gurasoak lanean dauden familiei zerbitzua emateko. Zarauzko Haurreskolan, esaterako, neurri zorrotzak aplikatuz hasi dute eguna.

08:30ean iritsi da ama bat bere umearekin Zarauzko Haurreskolara. Atean bertan, sartu aurretik, tenperatura hartu die bertako langileak –umeak 37 gradutik pittin bat gorago balu, etxera itzuli beharko lukete– eta behin barruan, sarreran, amak plastikozko patukoak jarri behar izan ditu bere oinetakoen gainetik. Horiek aste osoan erabili beharko ditu soilik haur eskola barruan. Datorren astean, berriak emango dizkiote. Eskuak gelarekin ere garbitu ditu, sarreratik geletara abiatu aurretik.

"Lanerako gogoz baina ardura handiarekin" itzuli dira langileak lanera, horietako batek HITZAri aitortu dionez. Uztail amaierara arte emango dute zerbitzua. Ikasturtean zehar 131 haur eduki dituzte – 0-1 urteko 42 haur eta 1-2 urteko 89 haur–, baina orain 31 umerekin zabalduko dute haur eskola. Izan ere, bi gurasoak lanean dauden familiek soilik eraman ditzakete haurrak bertara.