Orokieta Herri Eskolako jolas eremuan gune estalia eraikitzeko xehetasun azterketari hasierako onespena eman diote; ekainaren 4an eman zion baiezkoa alkatetzak. Kontua da hainbat arazo atzeman dituztela azpiegiturei eta barne erabilerei dagokienez, eta horiei erantzuteko proiektu bat eskatu duela udalak, Dena arkitektura estudioak garatu duena.
Proiektuaren helburua da aipatu arazoei irtenbidea ematea, udalaren zein Orokieta Herri Eskolako hezkuntza komunitatearen beharrak asetzeko. Xehetasun azterketan adierazten denez, "egungo arazoa aukera bat bilakatzea lortu nahi da eskolaren kanpo espazioaren azpiegitura ezberdinak hobetuz, frontoiaz gain kanpo espazio estali bat eskainiz, euri uren azpiegitura hobetu, kanpo espazioaren irisgarritasuna hobetuz, azpiegitura berdeak gehituz eta, bide batez, patioen erabilera behar pedagogikoetara eguneratzea".
Iragarkia ostiralean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta data horretatik hasita, 20 egunetako epean, interesa duenak alegazioak aurkeztu ahal izango ditu. Jolas eremuan gune estalia eraikitzeko xehetasun azterketa udalaren webgunean dago ikusgai.