Hutsunea eramangarri egin zuen bidelaguna

Unai Ugartemendia - Berria 2020ko eka. 23a, 18:00
Jon Beloki, 2004ko hitzaldi batean.

Jon Beloki zarauztarra Alberto Iñurrategiren ondoan ibili zen hainbat urtez. Eskaladan hasi arren, alpinismoak kateatu egin zuen. Baina hortik bizitzeko aukera ez zuela ikusi zuen, eta horregatik utzi zuen. Egun, irakasle lanetan dabil.

Hamabost urte beteko dira aurki Jon Beloki alpinistak (Zarautz, Gipuzkoa, 1973) , bere azken espedizioa osatu zuenetik. Urte askotan, Alberto Iñurrategiren ondoan ibili zen. 2000. urteko uztailaren 28an, euskal mendizaletasunak inoiz izan duen ezbeharrik handienetako batean, Felix Iñurrategi alpinista hil egin zen. Alberto anaiarekin batera zihoala, Gasherbrum II (8.035 metro, Pakistan, Himalaia) jaisten, eroriko larria izan zuen, eta zendu egin zen. Bizitza guztian batera ibilitakoak ziren Iñurrategi anaiak, eta, bat-batean, sokalagunik gabe gelditu zen anaietan gazteena. Betetzeko zailak diren hutsuneak dira sokalagunarenak, are gehiago anaia izanez gero. Baina Albertok, istripua izan eta hilabete batzuetara, etorkizunean mendian jarraitzeko gogoa azaldu zuen. Ibilbideari jarraipena emate aldera jo zuen Belokirengana, eta hark baiezkoa eman zion.

Eskalada mundutik zetorren Beloki, baina, ordurako, goi-mendian saiakera batzuk egindakoa zen. Zarautzen gisako herri batean, ohikoena surfa edo uretako kirolak egitea zen, baina arrokara kateatzea erabaki zuen txikitatik. «Gurasoengandik zetorkidan mendirako zaletasuna. Aita, bereziki, oso mendizalea izan da betidanik, eta haiek sartu ziguten mendirako harra. Pagoeta mendia zen gure arnasgune sarritan. Ondoren, udan, etxeko laurak askotan joaten ginen Urbiara, denda hartuta», gogoratu du Belokik.

Pagoeta Mendizale Elkartean egin zituen bere lehen pausoak. Ordurako, aita lehendakari ibilitakoa zen elkartean. Herri gehienetan baziren mendi elkarteak orduan ere, eta Zarautz ez zen salbuespena. Gogoan ditu oraindik ere asteburuero mendira joateko aitzakiarekin autobus osoa betetzen zen urteak. Egiten zituzten irteerak ez ezik, ez ditu berehalakoan ahaztuko elkartean antolatzen zituzten mendi asteak. Arrakasta handia izaten zuten. «Guretzat izugarriak izaten ziren proiekzio haiek. Garai hartako mendizale handienak ziren gure ispilu». Mendiko irteerez harago, arrokara eskalatzera joaten hasi zen oso gaztetan. Mendi elkarteko mapa eta liburuak ere bidelagun izan zituen urte askotan Belokik.

Ahotik ahorako informazioa izaten zen orduan mendizaleen artean nabariena, eta Zarauzko eskalatzaileen arrastoa izaten zen gehienetan Belokirentzat ere informazio iturri nagusia. Urteak aurrera joan ahala, Pirinioetara eta Alpeetara irteerak egiten hasi zen aitarekin batera. Urte haietako bitxikeria batez gogoratu da. «Aitak Mont Blancera [Alpeak, 4.810 metro] joateko piolet bat erosi zuen. Hara joateko eguna iritsi zenean, nik meningitisa harrapatu nuen, eta etxean geratu behar izan zuen. Geroztik, piolet hari begira egoten nintzen, eta neguan hura erabiltzeko grina izaten nuen aldiro».

Andoni Egañaren deia

Behin eskaladan murgilduta, modalitatearen ertz guztiak ukitu zituen. «Behin arroka probatuta, izotzean eskalatzen hasi ginen. Korridoreak, ipar-aurpegiak, izotz jauziak, eski zeharkaldiak… ziren gure jomuga», ekarri du gogora. Urte batzuetan, ikasketak utzi, eta eskalatzeari ekin zion buru-belarri. Noizean behin lan egin, eta, diru pixka bat bildu orduko, mendira joaten zen. 18 urte izan gabe, Mont Blanc eta Cervino (Alpeak, 4.478 metro) mendiak igoak zituen, Chamonix (Frantzia) inguruan egindako hilabeteko egonaldi batean. Gutxinaka, mendian altuera irabaziz joan zen etengabean. Eskaladan ezagututako lagun batzuen bidez, 1998an Dunagiri (India, 7.066 metro) mendira joateko gonbita jaso zuen.

Xabi Guembe, Mikel Zabalza, Fermin Izko eta laurak murgildu ziren egitasmoan. «Oso espedizio gogorra izan zen hura. Guembe eta ni mendiaren ipar aurpegitik igo ginen. Igoerako bigarren bibakean, ordezko eskularruak erori zitzaizkidan horman behera. Jaitsieran, izugarriak pasatu genituen. Zazpi egunen ondoren aurkitu gintuzten Zabalzak eta Izkok. Handik, zuzenean, Zaragozako ospitalera joan behar izan genuen, izozketak zirela eta», oroitu du. Kiko Arregi mediku famatuaren eskuetan jarri bezain laster, hark berehala esan zion Belokiri hiru hatzetako puntak galduko zituela. Han igaro zituzten Belokik eta Guembek hurrengo egunak. «Guembe, ospitalean astebete inguru pasatu eta gero, berriro ere lanean hasi zen. Lan bertikaletan aritzen zen hura. Handik egun gutxira, laneko istripu bat izan, eta hil egin zen. Izugarria izan zen».

Baina Dunagirira egindako espedizio hark sona handia izan zuen. Torelloko (Herrialde Katalanak) nazioarteko mendi zinemaldian sarituetako bat izan zen igoera hari buruzko dokumentala, eta, haren harira, alpinisten artean ezagun egin ziren Guembe eta Beloki. Hurrengo bi urteetan mendian jarraitu zuen, hara eta ona. Asebete egiten zuen hala ibiltzeak.

Irarkurri erreportajea osorik, Berrian.