Bihartik erreserba egin ahal izango da udal igerilekuan eta fitness eremuan

Zarauzko Hitza 2020ko eka. 23a, 17:03

Aritzbatalde kiroldegiko kirol instalazioak %50eko edukierarekin irekiko dituzte datorren astelehenean. Aurrez erreserba egin behar da, jende pilaketak saihesteko.

Astelehenean irekiko dituzte Aritzabatalde kiroldegiko fitness eremua, igerilekua eta frontoiak;  astegunetan egun osoan eta larunbatetan goizez, 08:00etatik 13:00etara. Edonola ere, edukiera %50era mugatuko dute, eta jende pilaketak saihesteko, erreserba bidezko sistema aktibatuko dute. Higiene eta segurtasun neurriak bermatze aldera, fitness guneko pisu libreko eremua eta igerilekuko gune termala itxita mantenduko dute. 

Kirol zinegotzi Leire Aranak azpimarratu du ezarritako higiene eta segurtasun arauak betetzeko ezinbestekoa izango dela kiroldegiko COVID-19 arautegia eta erabilera baldintzak uneoro errespetatzea. Arautegi eta baldintza hauek krisiaren garapenaren arabera egokitzen joango direla dio. Momentuz, jarduera unean izan ezik, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Sektore berriak ireki ahala, egun osoan garbitzaileak egongo dira guneak garbitzeko eta desinfektatzeko.


Erreserba sistema

Bazkideek bihartik aurrera erreserba egiteko aukera izango dute, zarautz.eus/eu/kirola wegunetik, 943-00 51 23 telefonora deituta edo kiroldegiko harreran. Fitness gunea erreserbatuz gero, lehen solairura baimenduko da sarbidea. Aitzitik, igerilekuetan txanda hartzean, igerileku bakarrera baimenduko zaio sarrera; adibidez, igerileku ertainerako txanda hartzen bada, ezingo dira beste igerilekuak erabili. 

Erreserbak astebete lehenagotik egin daitezke gehienez ere, eta hitzordua baino hamabost minutu lehenago beranduenez. Aforoa oraindik bete gabe egongo balitz, kiroldegiko harreran unean bertan ere egin daiteke erreserba. Hitzordu bat bertan behera uzteko bi ordu lehenago ezeztatu daiteke, eta erabiltzailea hiru aldiz hitzordura agertuko ez balitz, penalizatuko egingo da. Erreserba ordua baino hamar minutu lehenago joatea beharrezkoa da, eta sarreran kiroldegiko langileek txanda bakoitzeko zerrendak egiaztatuko dituzte.  

Bazkide ez direnak egunean bertan soilik egin ahal izango dute erreserba kiroldegiko harreran, oraingoz. Era berean, 65 urtetik gorako herritarrei lehentasuna emango diete erreserbatzeko ondoko txandetan: 09:45ean eta 11:15ean igerilekuan, eta 10:30ean fitness gunean. 


Edukiera mugatua

Fitness guneko aforoa 40 pertsonetara mugatu dute, eta txanda bakoitza 90 minutukoa izango da gehienez ere. Beharrezkoa izango da txanda hasi baino hamabost minutu lehenago joatea, eta txanda amaitu ondoren,hamabost minutuko tartea izango da aldagela erabili eta instalaziotik ateratzeko. Fitness gunea hiru aretoetan egokitu da, jende pilaketak ekiditeko eta segurtasun distantzia bermatzeko. Sarrera Itaisoro kaleko larrialdi atetik egokitu dute, eta irteera Araba kaleko larrialdi eskaileretatik.

Igerilekuetan ere edukiera mugak egongo dira, eta igerileku bakoitzari bi aldagela egokitu dizkiote; bata, emakumezkoentzat, eta, bestea, gizonezkoentzat. Igerileku txikiko aforoa 23 pertsonakoa izango da, eta igerileku ertainean eta handian, bi pertsona ariko dira kale bakoitzeko; guztira hamabi lagun igerileku bakoitzean. Igerilekuetako txandak gehienez 45 minutukoak izango dira, eta txanda hasi baina hamabost minutu lehenago joan behar da. Txandaren ondoren, 30 minutuko tartea izango da aldagelak erabili eta instalaziotik ateratzeko. Igerilekuko sarrera Lapurdi kaletik egokitu dute, harrera ondoko larrialdi atetik, eta irteera, pistako ate nagusitik (Araba kalea).

Frontoia eta squash pistak gehienez ordubetez erabili ahal izango dira. Aldagelak ezingo dira erabili eta sarrera eta irteerak harreratik egingo dira.


Hobaria ordainketan

Normaltasun berrirako Dekretuak jasotzen dituen neurrien artean kirol instalazioak irekitzeko premisa aforoa eta erabilera mugatzea dela ikusita, Aritzbataldeko abonuaren prezioak  %50eko hobaria izango du baldintzak malgutu artean. Hala, Kirol zinegotziak azaldu du martxoan bazkide zirenei ez dietela kobratuko uztaileko abonua, martxoan hilabete erdiz itxita egon zelako kiroldegia, eta zerbitzuei zegokion  ordainketa kobratu zelako hilaren hasieran. «Konpentsatu egingo da martxoko kobraketa uztaila osoko erabilerarekin».