San Pelaio jaiak 2020

Oroimenaren olibondoa landatu dute

Aritz Mutiozabal 2020ko eka. 25a, 14:12

Biotzean min dut, min etsia, negar ixilla darion miña. Amonatxo bat nun: gaur, enarak etorri-garaiez, aldegiña. Xabier Lizardiren Biotzean min dut olerkia hari gidari izan da San Pelaio bezperako eguerdian, Arrosategi parkean, COVID-19ak eragindako pandemiaren garaian zendutako zarauztarrak gogoan hartzeko landatu duten olibondoaren ekitaldian.

Egoerak hala baldintzatuta, aurtengo herriko festek kutsu sinbolikoa hartu dute, eta ohiko eguerdiko suzirik ez da izan Haurren Agerraldiko danborradako ordezkarien eskutik, ezta erraldoien eta buruhandien kalejirarik. Aitzitik, Lizardik bere amonaren ehortz egunerako idatziriko hileta-eresiaren babesean, bere momentuan agurrik jaso gabe joandakoei "duintasunez agurtzeko" ekimena egin dute. Suzirien ordez, minutu bateko isilunea hildako guztien memorian.

Ekitaldia Atrium hari hirukoteak girotu du, eta udaleko ordezkariez gai, herritarrek ere parte nahi izan dute saio hunkigarri bezain gogoangarrian. San Inazio kalean paratuta zegon garabi luze batetik eutsita, olibondoa jaitsi dute parkean atonduta zeukaten lurzorura, udal langileen laguntzarekin eta bertaratu diren guztien begiradapean.

Jarraian, Xabier Txurruka alkateak hartu du hitza, eta Lizardiren olerkia eta zendutakoak izan ditu hizpide. Isilunearen ondoren, eskerrak eman dizkie pandemiaren aurrean lanean aritu diren guztiei, osasun eta zaintza arloko profesionalei eta etxean geratu direnei.

Bukatzeko, Xabier Letek eta Antton Valverdek musikatutako Biotzean min dut olerkia abestu du Xabier Euzkitzek, Atrium hirukotearen laguntzarekin. Bitartean, bertaratu direnek olibondoari lurra botatzeko aukera izan dute horretarako prestatu dituzte palekin. Alkatearen esanetan, "landatzera goazen olibondo honen itzalak urte luzez babes ditzala pandemian zehar hildako zarauztarren oroimena, eta herritarren zerbitzura dena ematen jardun direnekiko esker ona".