Zarauztarra da atzo Iruran hildako langilea

Gehiengo sindikalak deituta, bihar elkarretaratzea egingo dute Iruran bertan, 11:00etan.

LAB eta ELA sindikatuek azaldu dutenez, 45 urteko langile zarauztar bat hil zen atzo istripuz Iruran. Plataforma batean pintatze lanetan zebilela, zazpi metroko altueratik erori zen langile autonomoa. Hildako langilearen senitartekoei eta lagunei elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan dio gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU), eta biharko elkarretaratzea deitu du Iruran, 11:00etan, Lan istripu gehiagorik ez, prekarietatea hiltzailea lelopean.

Sindikatuek azaldu dutenez, lan istripua atzo eguerdian izan zen, Irurako Laskibar Industrialdean. 12:40ean gertatu zen istripu larria, eta azkar bertaratu ziren anbulantziak, baina ordurako langilea hilda zegoen. Ezbeharra "gogor salatu" dute sindikatuek.

"Lan istripuak ez dira bizitzako gertakari arruntak, langile bat hiltzea ez da lanaren ezaugarri bat. Lan istripuak ekonomia, eredu zehatz bateko lan egiteko orduan ezartzen dizkigun baldintza eta lan egiteko moduen emaitza dira. Salatu behar dugu eraikuntza eta eraberritze sektorean maiz gertatzen diren istripuak dira", adierazi du LABek. 

Era berean, Euskal Herrian 2020an 37 langile hil direla eta Zaldibarko zabortegiko bi langilek desagertuak jarraitzen dutela nabarmendu du LABek. ELAk, bere aldetik, 34 langile direla hildakoak eta bi desagertuak adierazi du.