San Pelaio jaiak 2020

Aparteko San Pelaio bezperaz gozatu dute

Amaia Urbieta Arruti 2020ko eka. 26a, 10:51

Ezohikoa, ezberdina, arraroa. Aparteko San Pelaio bezperako ekitaldia egin zuten bart gauean Lege Zaharren enparantzan, pandemiak baldintzatutako egoeraren eraginez. Edonola ere, bertaratu zirenek ez zuten herriko jaien esentzia galdu nahi izan, eta giroan murgildu ziren ekitaldiak aurrera egin ahala.

Merkatu plazako ataritik Lege Zaharren enparantzako garaiera igo ziren herriko elkarteetako danborradako ordezkariak 23:30a aldean, danborrak astinduz. Bertan aritu ziren Imanol Urbietaren abestiak jotzen. Bertaratutako herritarrak jada adi jarri ziren, baita bizilagunak ere beraien etxebizitzetako leiho eta balkoietan.

Gauerdia iritsi baino lehen, Felix Zubia eta Nahikari Gabilondo bertsolariak aritu ziren udaletxeko balkoietatik, eta Pelaio Deunaren ereserkia abestu aurretik, aurten ez zuten suzirik bota nahi izan. COVID-19a pairatu duten zarauztar guztiak gogoan izan nahi izan zituzten isilunea gordez. Ondoren, bai, denek elkarrekin kantatu zuten abestia, guztiz gogotsu, eta  jarraian danbor hotsak izan ziren nagusi, jendearen gozamenerako.

Erlazionatuak