Astelehenean hasiko dira banatzen Erosi Zarautzen 2020 kanpainako bonoak

Herriko ehundik gora establezimenduk hartuko dute parte, eta horietan eskuratu ahal izango dira 30 euro balio duten bonoak.

Ekainaren 29tik uztailaren 12ra banatuko dituzte Zarauzko Udalak, Murkil eta Zurekin elkarteekin batera, abiatutako Erosi Zarautzen 2020 kanpainako bonoak; edo horiek agortu bitartean. Udaletik adierazi dute herriko negozioek ondo erantzun dutela kanpainaren aurrean, eta, guztira, ehundik gora establezimenduk hartuko dutela parte egitasmoan.

Negozio horiek bezeroei zuzenean emango dizkiete bonoak, eta horiek 30 euroko erosketa minimoa egiten dutenean, 20 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzeko 10 euroak udalaren gain geratuko dira. Guztira, 90.000 euroko inbertsioa egingo du udalak, 30 euroko balioa duten 9.000 bonotan.