Elkarrizketa

"Bizirik sentitzea zer den aldarrikatu nahi dugu zuzenekoetan"

Kazalis, 2013ko argazki batean (Onintza Lete Arrieta)
Mikel Kazalisek garai gogorrak pasatu ditu minbiziaren ondorioz. Baina gitarra berriz astintzeko indarberrituta dago, eta gogotsu Anestesiaren itzulerarako. Bizitza «ospatu» nahi du orain.

Iazko urtea "gazi-gozoa" izan zela dio Mikel Kazalisek (Zarautz, Gipuzkoa, 1968). Anestesiarekin hasi zuen urtea, taldearen Gorrotoaren ahotsa lehen diskoaren 25. urteurrena ospatzeko kontzertu birarekin. "Inoiz baino indartsuago geunden, eta bira oso berezia izan zen. Jende askorentzat oso disko maitatua da, eta hala sentitu genuen guk ere". Zuzeneko gutxi izan ziren, baina sekulako harrera izan zuten. "Areto guztiak bete genituen, eta ez gaude ohituta halakoetara". Aparretan zela etorri zen kolpea, ordea; izan ere, ordurako mandarina baten tamainako tumore bat zuen eztarrian. "Minbizia diagnostikatu zidaten bira amaitu eta hilabetera edo. Oso aurreratuta zegoen jada". Berehala etorri zen tratamendua, eta, harekin batera, "infernua". Gaixotasunaren garairik latzenean zela jaso zuen Iñigo Muguruzaren heriotzaren albistea ere: "Beste kolpe gogor bat". Arorik ilunena igarota, baikor mintzo da, eta gogotsu da zuzenekoetara itzultzeko. Urriaren 31n itzuliko da Anestesia zuzenekoetara, Atarrabian (Nafarroa).

Zer moduz zaude?

Ondo. Egia esan, tratamenduak emaitza onak izan ditu. Kimioa eta radioa hartu nituen bi hilabetez, eta oso gogorra izan zen, egunero sekulako egurra jaso bainuen. Baina oso albiste onak eman zizkidaten azken mediku azterketan: desagertu da tumorea; ia-ia mirakulu bat izan da, nolabait esateko. Aztarna batzuk baditut oraindik, hori ez baita lehen bezala geratzen, noski.

Kapitulua ez duzu erabat itxi oraindik.

Ez, eta ez dakit inoiz ixten den ere. Kontrolatu egin behar da; gorputzak egin du behin, eta berriro egiteko gaitasuna baduela badakigu. Orain, hiru hilabetean behin azterketa medikoak egin behar ditut, eta bitartean ahalik eta ondoen zaindu. Baina bai, egia esan, 2019a oso gogorra izan zen niretzat.

Hori gutxi ez, eta beste kolpe bat eman zizun bizitzak. Nola hartu zenuen Iñigo Muguruzaren heriotza?

Iñigorena izan zen... ia-ia akabatu egin ninduen. Oso ahul harrapatu ninduen; tratamendutik ateratzen ari nintzen ordurako, baina oraindik arazo askorekin, eta bat-batean etorri zen hura. Galdetu nion bizitzari: «Baina orain zergatik hau?». Beste froga oso gogor horietako bat izan zen niretzat. Iñigo asko maite nuen, esperientzia pila bat izan ditugu elkarrekin, eta ez bakarrik musikari lotutakoak; harreman pertsonalean ere asko maite nuen. Oso pertsona sentibera zen, adimentsua; balio handiko pertsona zen. Eta bat-batean hori jakitea kolpe ikaragarria izan zen.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen.