"Elkarte, talde eta arraunlari bezala pauso bat aurrera ematen badugu, kirol emaitzak iritsiko dira, ziur"

Onintza Lete Arrieta 2020ko eka. 28a, 14:34

Gari Uranga ZAEko lehen taldeko entrenatzaileak, Xabier Txurruka alkateak eta Jon Artola ZAEko lehendakariak hartu dute hitza Enbata traineruen aurkezpen ekitaldian, gaur eguerdian Lege Zaharren enparantzan.

ZAEk pauso bikoitza eman duela uste du Jon Artola lehendakariak, gorengo mailara iritsi direlako batetik, eta bestetik, atzetik bultzaka bigarren taldea datorrelako. "Hamar urte geroago, bi gauzak batera lortu ditugu: talde bat goiko mailan egotea, eta bigarren taldea uretan egotea. Poza izugarria ematen du horrek. Lehendik ilusioa bazegoen, oraindik gehiago dugu orain". Arantzatxoa ere badute, ordea. "Falta zaiguna da nesken taldea osatzea. Saiatu gara baina aurten ezin izan dugu lortu. Berriz saiatuko gara, eta espero dugu lortzea. Orduan bai, osatuta egongo gara". 

Hitz horiek hainbat herritarren aurrean egin ditu Artolak, gaur eguerdian Lege Zaharren enparantzan, hortxe aurkeztu dituelako arraun klubak aurtengo bi Enbatak. Unea aprobetxatu du zaleak bazkide egitera animatzeko, eta jakinarazteko laster lokala zabalduko dutela San Frantzisko kaleko zortzigarrenean, Bar Manuela parean, eta nahi dituenak han izango dituela salgai elkarteko kamiseta, maskara, zapi eta bestelakoak. "Elkartearentzat laguntza izugarria izango da handik hartzen duzuen guztia".

Hainbat babesle lortu dituzte zarauztarrek, nagusienak Babyauto, Borda, Salanort, Okelan eta Gesalaga.

Gari Uranga ZAEko lehen taldeko entrenatzaileak azpimarratu du "kristoren ilusioarekin" daudela hastear den denboraldiaren aurrean, batik bat, bigarren taldea atera delako aurten. "Jende oso gaztearekin hasi gara, sekulako ilusioa eragiten du horrek, eta ziur nago kristoren denboraldia egingo dutela. Ea gozatzen duten, hori baita garrantzitsuena".  Urangak onartu du negua gogor samarra joan dela talde guztientzat, ez bakarrik zarauztarrentzat, baina itzulera "uste baino hobea" izan dela ere iritzi dio. "Lesio askorik ere ez dugu izan, eta ilusio handiarekin gaude".

Lehen taldean, esaterako, aldaketa gutxi daude iaztik hona. Baja bakarra egon da, Aitor Jauregirena, eta hiru arraunlari berri iritsi dira: Iñaki Agoues, Mikel Zapirain eta Ekhi Illarramendi. Harrobikoak dira hirurak. Bigarren taldeko entrenatzailea, berriz, Hibaikatik iritsi da: Alexander Orena.

Xabier Txurruka alkateak urtebete egin du atzera mikrofonoa eskuetan hartutakoan: "Gogoan dut nola duela urtebete hementxe bertan elkartu ginen ospakizun handi bat egiteko, lehen mailako talde goren bat edukitzea lortu genuen horrenbeste urte eta gero, eta ez dugu erraz ahaztuko plaza honetan bizi izan genuena iaz, eta espero dut aurten ere horrelako ospakizunetarako beta izatea. Gazte mordoa ikusten dut, eta behar duten guztiarekin, aurten helburu guztiak betetzeko. Gazteak dira, eta dute gogoa, ilusioa, eta gazteen indarra. Eta horrekin mugituko da aurten Enbata, ez dut zalantzarik egiten, besteen pare seguru, eta batzuetan, baita gorago ere".

FITXAK

Hauek dira Eusko Label ligan jokatuko duten arraunlariak.

Hauek dira KAE ligan ariko diren arraunlariak.