Plastiko birziklatuarekin egindako jolas parkea sortu dute Jolas enpresak eta Zarauzko Udalak. Iñurritza auzoko Bertsolarien Plazan jarri dute eta, udalak prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Euskal Herrian eta Espainian ez dago horrelako beste parkerik.
Udalak parkea kokatzeko lurzorua prestatu du eta haur jolasak Zarauzko Jolas enpresak diseinatu eta fabrikatu ditu. Bertako proiektu zuzendari den Iñigo Isastik adierazi du "materialak berrerabiltzea" dela proiektuaren helburua. "Mundua jasangarriago izateko filosofia dugu", gaineratu du. Jolas enpresak edukiontzi horira botatako hondakinak landu eta haur jolasak sortu ditu. "Itxuraz, ohiko jolas parke bat dirudi, baina oso iraupen luzea du materialak eta ez du ia mantenurik behar. Ia 400 kilo plastiko birziklatu dira parke hau egiteko", azpimarratu du Isastik.
Iban San Martin Obra Txikien, Zerbitzuen eta Azpiegituren zinegotziaren esanetan, "estetikoki erakargarria" eta "ingurumenarekiko jasangarria" da parke berria. "Urarekin eta xaboiarekin erraz garbitzen da eta egurrezko jolas parke batek baino iraupen luzeagoa du. Gure asmoa Zarauzko beste auzoetan ere horrelako jolas parkeak jartzen joatea da, pixkanaka", burutu du.