Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako bertsolari gazteen txapelketa bueltan da. Bi urtez behin antolatzen du Erniarraitzek bertsolari gazteen txapelketa, eta aurtengoa X. edizioa du. Martxoaren 1ean hasi zen txapelketa Errezilen jokatutako kanporaketarekin, baina konfinamenduaren ondorioz, eten egin behar izan zuten. Orain, egungo egoerak ahalbidetzen duelako, bertsozale elkarteak txapelketa berrekitea erabaki du, eta uztailaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte falta diren bi kanporaketak.
Uztailaren 3an, ostiral honetan, Azkoitiko Kultur Etxeko areto nagusian jokatuko dute kanporaketa, 22:00etan hasita, eta bertan Markel Eizagirre zarauztarra ariko da. Berekin batera, ondorengo bertsolariak igoko dira oholtzara: Julene Iturbe, Ane Zuazubiskar, Asier Galarza Muxi, Oier Etxeberria eta Imanol Albisu.
Uztailaren 10ean, berriz, Zestoako Kultur Etxean jokatuko dute azken saioa, 22:00etan. Jon Gurrutxagak, Iker Letamendiak, Eli Pagolak, Irati Alcantarillak, Aroa Arrizubietak eta Mikel Iturriotzek jokatuko dute Zestoako kanporaketa. Finala, berriz, uztailaren 17an jokatuko dute Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etan.
Hiru saioetarako sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira, betiere, aretoen edukieraren %60a bete arte. Segurtasun neurriak direla-eta, bertsozale elkarteak gogorarazi du entzuleek maskararekin egon beharko dute aretoetan.