Udalbatzak onartu du Salberdingo pantaila hormak eraikitzea

Mireia Galarza 2020ko uzt. 2a, 09:10

EAJren eta PSE-EEren onespenarekin onartu da. Bestalde, ez da aurrera atera Podemos Equo-Berdeak taldeak Amezti eraikineko ur hornidura baliogabetzeko egindako eskaera.


Zarauzko Udalbatzak hainbat gai jorratu zituen astearteko udalbatzarrean. Horietako bat, Salberdingo hirigintza eremuan pantaila hormak jartzeari buruzkoa. Zehazkiago esateko, iparraldeko partzelen perimetro osoan pantaila hormak eraikitzeari buruz bozkatu zuten alderdiek. Izan ere, Salberdin eremuak jarduera integraleko izaera dauka eta hitzarmen sistemaren bidez doa aurrera. 2019an udalak eraikuntza lizentziak eman zituen eremuaren iparraldeko sei partzeletarako: R1, R2, R4, R5, R6, R7. Hala ere, partzela horien sustatzaileak derrigortuta daude partzela guztien inguruan pantaila horma perimetrala eraikitzera, bai eraikuntza beharrengatik, bai bertan dagoen akuiferoa saneatzeko. Beraz, beharrez-
koa da, beste partzeletakoekin koordinatuta egitea.

Patxi Elola PSE-EEko zinegotziaren arabera, «erabaki hau etxebizitzak eraikitzeko beste aurrerapauso bat da». Hala ere, Mikel Goenaga EH Bilduko zinegotziak azaldu zuenez, eremu horretan ikus daitezke jada langileak lanean, eta ondorioz, «errespetu falta» iritzi zion «erabakia hartu ondoren egitea proposamena udalbatzarrean». Udal Gobernua osatzen duten taldeek baiezko botoa eman zuten, eta oposizioa abstenitu egin zen. 


Ameztiri buruz

Udalbatzarreko beste gaietako bat Amezti izenez ezaguna den eraikinari buruzkoa izan zen. Hain zuzen ere, 2015eko abuztuan, udalak baimena eman zien Amezti eraikineko jabeei ur horniduraren hargunea Zarauztik egiteko. 2020ko martxoaren 13an, berriz, Oihane Delgadok, Zarauzko Podemos Equo-Berdeak koalizioaren izenean, udal akordio hura baliogabetzeko eskatu zuen. 

Delgadoren arabera, eraikin horrek ez du betetzen hirigintzako eta lurraldeko antolamendua. «Amezti etxeko ur hornidura 2015koa da, eta 2017an lortu zuten lehen etxebizitza eskubidea». Gaineratu zuen garai hartan eraikuntza zalantzan jartzen zuen txostena ere bazegoela, baita erreklamazio salaketak ere. Itziar Murua EH Bilduko zinegotziaren arabera, gainera, udalak erabakia hartu zuenean «gizartean bazegoen auziaren inguruko kezka nabarmena», eta horregatik ez zaie egokia iruditzen erabaki hura. 

Xabier Txurruka alkateak esan zuen Ameztirena «hauteskunde inguruko gai errepikakor bat» dela, uztailaren 12a pasatzearekin batera ahaztuko duena oposizioak. Eskaera ez zen aurrera atera, oposizioaren aldeko botoak bakarrik lortu zituelako.