EH Bildu eta Podemos-Equo Berdeak: "Irregulartasunez beteta dagoen prozedura baten berri izateko eskubidea ukatzen diote herriari"

Zarauzko Hitza 2020ko uzt. 3a, 14:31
Podemos-Equo Berdeak taldeko Oihane Delgado eta EH Bilduko Itziar Murua.

Talaimendiko Amezti eraikinari ur-horniduraren lizentzia baliogabetzeko eskaria bertan behera geratu zen astearteko osoko bilkuran. Koalizioaren iritziz, horrek zalantzan jartzen du Udal Gobernuaren "sinesgarritasuna"; izan ere, "legez kanpoko eta ustez delituzkoa den eraikin bati ura ematen da".

Talaimendiko eraikintzarrari emandako ur-horniduraren lizentzia ikertzeko eta berrikusteko errekurtsoa ez onartzea leporatu diote EH Bildu eta Podemos-Equo Berdeak udal taldeek Udal Gobernuari (EAJ eta PSE-EE), elkarrekin helarazi duten ohar batean. Astearteko udalbatzarrean jorratu zuten gaia, Podemos-Equo Berdeak koalizioak udal akordio hura baliogabetzeko aurkeztutako eskariaren haritik. Eskaera ez zen aurrera atera, oposizioaren aldeko botoak bakarrik lortu zituelako.

"Beraietako bati mesede egiten dion eta irregulartasunez beteta dagoen prozedura baten berri izateko eskubidea ukatzen diote herriari. Eskubideez zertan gozatu ez dutenei eskubideak emateko beren kudeaketa eta maniobrak ezkutatzen ari dira", nabarmendu dute bi koalizioek. Horrekin batera, gaineratu dute "legez kanpoko eta ustez delituzkoa den eraikin bati ura ematen" ari direla: "Ez da ahaztu behar eraikin horretan bost inputatu daudela, epaile batek azalpenak emateko erabakiaren zain".

Lurraldearen antolamendurako arauak zalantzan jarri dituzte, "gutxi batzuei baino ez diete eragiten" esanez, eta "horien artean ez daude haiek eta beren arteko inor" zehaztuz. Ez dute ulertzen Gipuzkoa, Araba eta Bizkaian Talaimendi bezalako lurzoruetan bizitegi-eraikin berriak debekatuta egotea, eta  Zarauzko Udalak beren txostenetan hori "aintzat ez hartzea".

Podemos-Equo Berdeak eta EH Bilduren arabera, "lizentzia lotsagarri hau emateko oinarri gisa erabili zen hamabi folio eskaseko espedientea erantsi da. Bertan, dena babesten da eta ez dute beste aldera begiratzeari uzteko behar den adore eta duintasun publikorik, espediente horrek ez baitu Talaimendiko Babes Bereziko Lurzoru Urbanizaezinean eraikintzar hori justifikatzeko salbuespenik egiaztatzen".

Eskaera ez onartzeak, koalizioen iritziz, "zalantzan jartzen du okerreko aldera begiratzen duen udal honetako gobernu-taldearen sinesgarritasuna". Haien esanetan, "ez da gai izan lizentzia bat ezbaian jartzeko, dagokion legezko betebeharra betearaziz, eta, hala, ustez delituzkoa den eraikin bat urez hornitzen jarraitzen du".