Hamaikagarren postuan sailkatu da Zarautz bere itzuleran

Zarauzko Hitza 2020ko uzt. 4a, 20:13
Enbata trainerua. (@NovatilloTotal)

Hondarribiak irabazi du lehen jardunaldia, eta Santurtzi bi segundo eskasera geratu zaio. Itxura guztien arabera, bien artean egongo da jokoan Coruñako bandera.

Euskotren eta Eusko Label ligei hasiera eman diete gaur arratsaldean Galiziako uretan, Bandeira Cidade da Coruñako lehen jardunaldian; gaurko eta biharko estropadak hartuko dira kontuan bandera eskuratzeko. Gizonezkoetan lehiakide zuzenak agertu zaizkio aurten Orio azken txapeldunari –Hondarribia eta Santurtzi–, eta gaur laugarren postuarekin konformatu behar izan du. Zarautzek, bere aldetik, lan polita egin du maila eusteko bere bidean, nahiz eta hamaikagarren bukatu duen.

Lehia polita aurreikusten da aurtengo Eusko Label ligan. Hondarribia izan da garaile, 20:11,80 denborarekin, hirugarren txandan nagusitu ondoren. Santurtzik bigarren txandan eginiko denbora 1,90 segundoan hobetu du. Ondorioz, aparteko ustekaberik ezean, Coruñako banderaren lehia buruz burukoa izango da, hirugarren sailkatutako Urdaibai eta laugarren geratu den Orio 16 segundora geratu baitira.

Bigarren txandan lehiatu da Zarautz. Gogotsu ekin dio, Santurtzik jaun eta jabe agindu duen estropadan. Hala ere, Cabo eta Lekittarrarekin parez pare aritzeko moduan aritu da ia denbora osoa; azken ziabogan, gainera, Lekittarra baino bi segundo aurretik zegoen kokatuta, hirugarren postuan. Edonola ere, azken luzean asko sufritu du, eta azkenean ezin izan dio eutsi, txandako azken postuan bukatuta (20:51,04). Sailkapen orokorrean 11. postuan geratu bada ere, segundo gutxiren bueltan talde dezente daude Enbataren inguruan: Ondarroa, Ares, Zierbana, Lekittarra eta Cabo. Gaur pauso bat atzerago, eta azken postuan, Kaiku sailkatu da.