Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen atzo eguerdian Larraulen, eta bertan lehiatu ziren Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra eta Jokin Eizmendi zarauztarra. Hasiera batean Telleria zen Peñaren aurka aritzekoa, baina lesio batek txapelketati kanpoan utzi eta azken unean Eizmendik ordezkatu zuen.
Buruz buruzkoan Peña nagusitu zen 45 jasoaldirekin; zarauztarrak lau jasoaldi gutxiago egin zituen. Guztira, hiru lan egin behar izan zituzten: 125 kiloko zilindrikoarekin, 125 kiloko kubikoarekin eta 125 kiloko bolarekin, harri bakoitzarekin bi minutuko denboran.
Peñak 17 jasoaldi lortu zituen zilindrikoarekin, 13 kubikoarekin eta 15 bolarekin; guztira, 45 jasoaldi lortuta. Eizmendik, bere aldetik, ongi ekin zion lanari, 17 jasoaldi ginez zilindrikoari, 14 kubikoari, baina bolarekin ez zuen asmatu, eta 10 jasoaldi baino ez zituen lortu. Ondorioz, 41 altxaldirekin, bigarren postuan geratu zen.
Argazkiak: Ibon Errazu