Saio berezia antolatu du Motxianek Bertso Astearen ordez

Zarauzko Hitza 2020ko uzt. 5a, 17:20

Uztailaren 9an izango da, Lege Zaharren enparantzan, eta doan izango bada ere, egunean bertan hartu beharko da sarrera aurretik Modelo aretoan.

Egungo egoerak hala baldintzatuta, Motxian bertso eskolari aurten ezinezkoa egin zaio ohiko Bertso Astea antolatzea. Hala ere, ez dute ezer egin gabe geratu nahi izan: "Egoerak utzi digun neurrian, saio berezi bat prestatu dugu urtero gure emanaldietara zintzo etortzen zareten entzule horiei guztiei eskerrak emateko". Ekitaldia datorren ostegunean izango da, uztailaren 9an, 20:00etan hasita, Lege Zaharren enparantzan.

Egitarauaren berri ere eman dute: bertso musikatuak izango dira; bat-bateko saioa Oier Aizpurua, Uxue Alkorta, Ane Peñagarikano eta Aner Peritz bertsolariekin; eta Basarri bertsopaper lehiaketako sari banaketa. Sarrera doan izango da, baina lekua mugatua denez, sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira Modeloko lehiatilan, egunean bertan, 18:00etatik 20:00etara.