Astiko aisialdi gunean parrillak eta altzariak berritu dituzte

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 6a, 17:55
Iban San Martin zinegotzia Astiko aisialdi gunean. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udalak 3.200 euro bideratu ditu eremuko hobekuntzak egiteko. Datorren urtean helduko dio kantina berriaren zerbitzuari.

Zarauzko Udalak hainbat hobekuntza egin ditu Astiko aisialdi gunean. Erabileraren poderioz zaharkituak zeuden parrillak lau berrirengatik ordezkatu dituzte, batetik, eta bankuak eta aulkiak ere konpondu dituzte, bestetik. Guztira, 3.200 euroko inbertsioa egin dute.

Pandemiaren ondorioz, udalak ezin izan du kantina berriaren proiektua aurreikusi bezala garatu. "Jakina da aurtengo udara desberdina izango dela. Zarauztar askok herrian bertan eta inguruetan pasako dituzte euren opor egunak eta Astiko aisia gunea txukundu behar zela argi genuen", adierazi du Iban San Martin Obra, Zerbitzuak eta Azpiegituretako zinegotziak.

Aurten altzariak berrituta, datorren urtean helduko diote kantina berriaren zerbitzua martxan jartzeari.