Eguzkitik babesteko informazio taulak jarri dituzte AECC elkartearen egoitzan

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 6a, 19:34

Uda honetan ez ibili jolasean eguzkiarekin kanpaina jarri dute abian Minbiziaren Aurkako Elkarteak, eguzkiaren aurrean ohitura onak hartu ditzaten herritarrak.

Urola Kostako AECC Minbiziaren Aurkako Elkarteak eguzki prebentziorako kanpaina aurkeztu du, herritarrei eguzkitik babesteko ohitura onak helarazteko eta esposizio desegokiak izan ditzakeen arriskuez sentsibilizatzeko. Uda honetan ez ibili jolasean eguzkiarekin da aurtengo kanpainaren leloa, eta herritar guztiei zuzenduta dago zuzenduta, hondartzaren erabiltzaile izan ala ez.

Urola Kostako elkartea Zarautzen dago; Balea kaleko 2. zenbakian dute egoitza, Nafarroa kalearekin izkina egiten, malekoitik gertu. Aurten eskuorririk ez dute banatuko, egoerak hala baldintzatuta, eta horren ordez, informazio taula batzuk jarri dituzte egoitzaren fatxadan, prebentzio neurri nahiz gomendio guztiak xehe-xehe azalduta. Edozein zalantza argitzeko, 943-13 32 36 telefono zenbakira deitu daiteke.

"Eguzki-babesa beti hondartzan pasatzen dugun denborarekin lotzen dugu, baina ahaztu egiten zaigu arriskua aire zabalean egiten dugun beste edozein jardueratan ere badagoela", gogorarazi du Maider Sierra AECC Gipuzkoako prebentzio arduradunak. Babesaren inguruan gehienbat udan hitz egiten bada ere, urte osoan hartu behar dela kontuan azpimarratu du.

Babes neurriak

Azaleko minbizia da tumore motarik ohikoena, eta AECC Minbiziaren Behatokiaren datuen arabera, kalkulatzen da iaz Gipuzkoan 467 azaleko minbizia kasu identifikatu zituztela. "Eguzki-argiak edo brontzeatzeko oheek igorritako erradiazio ultramoreek (UV) kaltetutako azal-zelulak modu anormalean eta kontrolik gabe hazten direnean sortzen da tumore hau, eta horregatik, maizago agertzen da eguzkitan dagoen azalean", jakitera eman du AECC Gipuzkoak.

Hori horrela, Minbiziaren Aurkako elkarteak nabarmendu du garrantzitsua dela ohitura onak hartzea. Prebentzio modura, batez ere, eguzkitik babesteko kremak ematea aholkatzen du bi orduan behin, eta txikienei babes maximoa dutenak aplikatzea. Era berean, ura edatea eta biserak, eguzkitako betaurrekoak eta kamisetak erabiltzea gomendatzen da, baita 12:00ak eta 16:00en artean eguzkirik ez hartzea ere. Bestetik, azaldu dute gomendagarria dela azalean agertu ahal diren orbanak eta orinak aztertzeko dermatologoarenera joatea, eta automiaketa egitea.