ANALISIA. Segundoak, hamarrenak eta ehunenak

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 7a, 12:00

Abiatu da arraun denboraldia, eta hala, asteartero, Urola Kostako HITZA egunkarirako analisia idatziko dut. Hauxe duzue aurrenekoa.

Beste faktore askoren artean, palada kolpe bakoitzak eragina du hiru ziabogaren osteko amaierako emaitzan. Pentsa zenbat palada eman ditzakeen traineru bakoitzak 20 minuturen bueltako saio batean. Asko dira, izugarri, baina kopuruari baino, kalitateari emango lioke garrantzia prestatzaile orok.

Arraunkera ezberdinak ikusi dira asteburuan Coruñan; luzeagoak, motzagoak, traketsagoak edota etzanagoak. Baten batzuk hobeto funtzionatu dute besteen aldean. Lehen estropada izanik, orain ikusi da zerk balio duen maila honetan.

Orio eta Santurtzi fin eta seguru ikusi dira arraunean, eta Hondarribia, berriz, asmatu ezinda zebilen igandean. Larunbatean azkarrenak izan ziren eta igandean azkenak. Halako lehen asteburuetan ez da liga irabazten, baina galtzeko aukera izaten da. Buelta emateko aukerak sobran izan arren, momentuz lehiatik zertxobait urrundu da Ama Guadalupekoa.

Segundo eta puntu asko galdu ditu Hondarribiak Galizian, baita ere, antzera, Zarautzek. Segundo gutxian puntu garrantzitsu asko banatu dira taula erdialdetik behera, eta Enbata, zoriak hala nahita edo ez, galtzen atera dela esan daiteke.

Larunbatean sei traineru (sei puntu) zazpi segundoren tartean sartu ziren sailkapenean. Bigarren txandan ikusi zen lehia, eta aurreikusi zitekeen segundoek urrea balioko zutela. Lekittarra, Ares eta hirurak parean ziren metro gutxiren faltan, baina Zarautzek ez zuen olaturik hartu beste biek hartu zutenean. Igandean, berriz, zarauztarrak baino segundo erdi lehenago sartu zen Lekittarra. Aldeko izan zitekeen puntuak ihes egin zion hor ere.

Azkenean, bi traineru horien artean bost segundoko aldea besterik ez da egon bi estropadetan orotara, baina bost segundo horiek lau punturen isla dira sailkapenean. Askotxo da hori.
Oriok, aldiz, txanponaren beste aldea dastatu zuen igandean. Bandera ez, baina hamar ehunenekori esker lidergoa eskuratu zuen. Santurtzi zatekeen lider bestela, bai puntuetan baita banderetan ere, baina, orain, 21eko berdinketarekin eta azken estropada irabazita, Orio da buruan gaur-gaurkoz.

Lehen eta azken postuetan kokatu dira eskualdeko gizonezkoen bi traineru nagusiak. Bietan azken-aurren eginda, sailkapen nagusian azken postuan dira zarauztarrak, baina sentsazioak emaitzak baino dezente hobeak izan dira; hala zioen Joanes Elizondo arraunlariak Hitzari eskainitako asteburuaren balorazioan.

Kontuak kontu, hau hasi besterik ez da egin. Goikaldean lehia estua nabari da iazko bost edo sei trainerurekin, eta behekaldean denbora oso gutxiko aldeak egon dira lehen asteburuan. Hori bai, lau hilabeteren osteko lehen estropada izan da. Prestatzaile bakoitzak egingo ditu bere azterketak, eta ikusteke dago zer aldatzen edo mantentzen duten aurrera begira. Momentuz, argi dago lehia estuko denboraldia datorrela.