Mikel Makala: "Jendeak behar du zuzeneko musikarekin gozatu, ororen gainetik"

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 7a, 11:16
Mikel Makala. (Aritz Mutiozabal)

Hirugarren urtez Adarretatik jaialdia ospatuko da, baina modu murriztuan eta bestelako formatu batean, egungo egoerak hala baldintzatuta. Lehen kontzertua ostiral honetan izango da.

Zer asmo zenituzten aurtengo Adarretatik jaialdirako eta pandemiak nola baldintzatu ditu?
Aurtengoa hirugarren edizioa  izango zatekeen, eta lehengo biek nolabaiteko arrakasta izan zutela eta herriak  jaialdia oso ongi hartu duela ikusirik, gogotsu eta ilusioz beteta geunden. Urte hasieran hasi ginen lanean, aurtengo egitaraua diseinatzen, eta euskal musikari presentzia handia eman nahi genion; Gari & Maldabera, eta Anarirekin, esaterako. Jaialdia bi gunetan banatzeko asmoa geneukan, gainera: bata herrigunean euskal proposamenekin, eta bestea, Borghetton, bi gau tematikorekin. Horietako bat, reggaeari eskainitakoa zatekeen. Irregular Roots taldeak jo behar zuen, eta Revolutionary Brothers-ek Sara Lugo abeslariarekin; bestea, funkyari buruzkoa izatea zegoen aurreikusita, non Fundacion Tony Manero taldea geneukan hitzartuta, eta Violadores del Versoko Sho-Hai abeslaria erdi lotuta. Bestalde, aurkezpen kontzertu bat ere egitekoak ginen, Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin. Kantinan ere beti egin ohi dugu zerbait, eta horretarako  pentsatuta geneukan Jose Luis Canalen Urbanetniko Trio. Dena ongi lotuta geneukan arren, guztia pikutara joan zen.

Murriztuta bada ere, azkenean aurrera aterako da jaialdia.
Azken asteetara arte ez genekien aurrera atera ahal izango genuenik, dena stand-by egoeran egon baita. Azkenean, esan ziguten ez zela  Adarretatik egingo, baina guk itxitako hainbat euskal talderekin kontzertuak egingo zirela. Emanaldiak Munoan izango zirela, 20:00etan, gure ohiko datetatik kanpo [uztaileko hirugarren asteburuan ospatu ohi da], eta edukiera mugatuarekin. Zorionez, jaialdi gehienak bertan behera geratu diren honetan, guk zerbait egiteko aukera dugu. Beraz, hartu dezagun hau guztia modu positiboan, itxaropentsu.
Kultura Sailekoei esan nien, nahiz eta lau egunetan izan eta kontzertuak tartekatuta, geure izenari eutsi nahi geniola: Adarretatik musika jaialdia bezala aurkeztuko genuela, alegia. Guretzako garrantzitsua da gure lana egiten jarraitzea, eta Kultura Saileko kideei esan genien haiek jartzen zituzten neurrietara egokituko ginela. Azkenean, udalaren eta Enbor elkartearen arteko elkarlanari esker  antolatzen da  jaialdia. Gure aldetik, aurrapausoak ematen ari gara: Errenteriako Atlantikaldiaren ekoizpen lantaldean aritzen den Oninart fitxatu dugu, gure gabezietan edo horren ongi lantzen ez dakigun horretan laguntzeko. Gure aurtengo apustua izan da, Adarretatik hazten joan dadin. 

Zein izango da aurtengo Adarretatik jaialdiaren eskaintza?
Uztailaren 10ean, ostiral honetan, Urbanetniko Trio etorriko da Munoa plazara; hilaren 17an, Gari & Maldanbera; hilaren 19an, Anari, nire ustez aurtengo kontzerturik potoloena; eta bukatzeko, uztailaren 25ean, Afrika Bibang. Goazen ikustera zer gertatzen den! Guk behintzat sekulako gogoa dugu, eta espero dugu jendearen erantzuna ere beroa izatea. Alde batetik, nahi duzu topera egotera, baina, bestetik, badakizu edukiera mugatua dela. Beraz, sentimendu kontrajarri hori duzu.

Izan duzue jaialdia bertan behera uzteko zalantzarik?
Hau guztia baikor hartzen dugu. Errazena izango litzateke jaialdia bertan behera uztea. Baina horrek zer ondorio izango lituzke? Bermatuta izango bagenu datozen urtetan ere jaialdia egin ahal izatea, bada, agian aurten ez genuke ospatuko. Baina ez dakigu hori ziurtasunez. Izan ere, hau Enbor Akzio Kulturala elkartearen eta Zarauzko Kultura Sailaren arteko antolakuntza bat da; eta gero hainbat laguntzaile ditugu atzean. Baina gauza ororen gainetik, nik uste dut jendeak behar duela zuzeneko musikarekin gozatzea.

Jaialdiaren ohiko guneetatik kanpo izango dira saioak.
Emanaldi denak Munoan izango dira, hondartzaren ondoan, eta hori ez dago gaizki. Eguraldi txarra egingo balu, ordea, ostiral honetako Urbanetniko Trio taldearen emanaldia Modelon izango da; gainerako hiru kontzertuak, aldiz, Lizardiko pabiloi berrian. Urtero euri pixka bat egiten digu, eta aurten ere ez dakit bada ez ote den tantaren bat edo beste eroriko. Hori bai, saio guztietarako sarrerak bi ordu lehenago banatuko dituzte dohainik Modeloko leihatilan.

Hasiera-hasierako egitaraua murriztuta badator ere, aurtengo jaialdiak arrakasta izango duela dirudi; batik bat, Anari eta Gari bezalako artistekin.
Euskal panorama ongi lantzen dugu beti: Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Ruper Ordorika eta Joseba Irazoki ekarri ditugu aurreko urteetan, eta aurten Anari eta Gari gonbidatu ditugu. Maila handiko euskal musikariak dira, eta presentzia nabarmena dute Adarretatiken. Uda da eta kanpotik jende asko etortzen da herrira, eta begira zeinen erakuslehio bikaina den euskal musikariak aurkezteko. Hasieratik argi izan dugu jaialdiaren filosofia horrek izan behar duela. Horretaz gain, lagunak ditugu, eta ez da hain zaila izan haiekin hitzartzea. Are gehiago egun bizi dugun egoera ikusita. Gutxienez, orain gure jaialditxo honetan jotzea musikarientzat bada nolabaiteko subidoi bat.

Lotuta zenituzten Irregular Roots, Revolutionary Brothers & Sara Lugo eta Fundacion Tony Manero  taldeak datorren urtean etorriko al dira?
Asmoa hori litzateke, baina taldeei ezin diet hori bermatu, guk geuk ere ez daukagulako bermatuta Adarretatik jaialdia egingo den. Aurrera eramango dela ziurtatzen badidate, zalantzarik gabe reggae eta funky gauak ospatuko ditugu datorren urtean, eta aipatutako taldeak gonbidatuko ditugu. Harremanak aurreratuta daude, eta talde horiekiko konpromisoa badago.

Besterik bada?
Berazako kantinan udan egin ohi ditugun saioekin jarraitu nahiko nuke. Orain eskatu behar ditut baimenak. Adarretatik jaialdiko saioren bat beti egin izan dugu bertan, eta, hala, aurtengo udan ere egin nahi ditut DJ eta sound system emanaldiak, Adarretatik izenpean.  Pentsatzen dut utziko digutela.

 

Adarretatik 2020

Uztailak 10, ostirala. 
Urbanetniko Trio,  Jose Luis Canal, Raul Vera eta Blas Fernandezek osatutako hirukotea. 20:00etan, Munoa plazan. 
Eguraldi txarrarekin, Modelo aretoan.

Uztailak 17, ostirala. 
Gari & Maldanbera. 20:00etan, Munoa plazan. Eguraldi txarrarekin, Lizardiko pabiloi berrian.

Uztailak 19, igandea. 
Anari. 20:00etan, Munoa plazan. Eguraldi txarrarekin, Lizardiko pabiloi berrian.

Uztailak 25, larunbata. 
Afrika Bibang & Nomadak Banda. 20:00etan, Munoa plazan. Eguraldi txarrarekin, Lizardiko pabilioi berrian.