Prest dago Abendañoko autokarabanentzako aparkalekua

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 7a, 15:16
Abendañoko autokarabanen aparkalekua. (Zarauzko Udala)

38 ibilgailurentzako tokia atondu dute Renault auto kontzesionarioaren ondoko eremuan, "eskari handiari behar bezalako erantzuna emateko". Eguneko prezioa 3 euroko izango da, eta gehienez bi eguneko egonaldia egin ahal izango dute.

Autokarabanentzako behin-behineko aparkaleku berria erabilgarri dago. Abendaño industriaguneko eremu zabal batean kokatu dute, Renault auto kontzesionarioaren parean, eta 38 ibilgailurentzako lekua du. Horri beste 20 plaza gehiago gehitu behar zaizkio, aparkaleku ondoko Aiziazpi kalean daudenak. Autokarabanentzako gune berriak udalerriko trafikoa antolatzen lagunduko duela nabarmendu du Zarauzko Udalak: "Turismo-modalitate horren eskari gero eta handiagoari behar bezala erantzun ahal izango dio".

Guneak ur zikinak husteko plataforma bat du, baina baita edateko ura hornitzeko iturri independente bat ere. Uda honetan, eguneko hiru euroko prezio sinbolikoa izango du, eta gehienez ere bi eguneko egonaldia egin ahal izango da, herrira bisitan etorri nahi duten autokarabanazaleen eskari handiari erantzun ahal izateko. 

"Duela hilabete batzuk behin betiko proiektua gelditu behar izan genuen eskaera horri erantzuteko, baina arin ibili ginen, eta zailtasunak zailtasun eta udal talde teknikoaren lan handiari esker, garaiz iritsi gara beste espazio bat eskaintzeko, Zarautzek merezi duenarekin eta zentzu guztietan kalitatezko helmuga gisa proiektatu behar duenarekin bat datorrena", adierazi du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak.

Mugikortasun arloak behar bezala seinaleztatu du aparkalekura iristeko bidea, eta, era berean, erabilera araudia bera ongi zehaztu dute eremuan. Aparkalekutik Zarauzko erdigunera edota hondartzara hamar minutu inguru direla oinez azaldu du udalak, eta bizikleta ere oso aukera gomendagarria eta jasangarria izan daitekeela. Horrez gain, hiribusak geltoki bat dauka han bertan, aparkalekuaren ondoan,

Mugikortasuneko zinegotziak jakitera eman duenez, egungo udal-ordenantzak ez du debekatzen hirigunean autokarabanak aparkatzea, baldin eta neurria edo pisua gainditzen ez dutenean. "Salagarria dena da aparkalekua eta kanpamendua nahasten dituzten pertsona askoren erabilera desegokia. Zalantzarik gabe, aparkaleku berria ordena jartzeko urrats garrantzitsua da, baina dalak erne jarraitu behar du, eta udal ordenantzak hausten dituzten gizalegearen aurkako jokabideak zigortu behar ditu", azpimarratu du.

Mesill zen tokian ere aparkalekuak

Herriak udan jasaten duen ibilgailu kopuru handiari erantzuteko, disuasio aparkalekuak ere martxan jarri ditu udalak. Aurten ere erabilgarri daude  Eguzki Izarrako eta Kortazarreko aparkalekuak, eta horiei Itxasmendiko aparkalekua gehituko zaie. Abuztuan, berriz, Mesill fabrika zaharreko lurretan –Salberdinen– beste bat irekiko dute. Udako aparkalekuez gain, Lapurdi kalean sortu dituzte  ehun plaza berriak azpimarratu dituzte, zirkulazioaren noranzkoan egin berri den aldaketarekin.