Zarauzko 18.174 herritarrek eman ahalko dute boza igandean

Nerea Uranga 2020ko uzt. 10a, 09:00

Gipuzkoan hamalau hautagai zerrenda aurkeztu dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako. Koronabirusak eragindako egoerarengatik, igandean botoa ematera maskara jantzita joan beharko da. Segurtasuna bermatzeko, hainbat hauteslekutan aldaketak egin dituzte.

Igandean Eusko Legebiltzarrerako ordezkariak aukeratzeko hitzordua izango dute Zarauzko bizilagunek. Hautesle-erroldaren arabera, 18.174 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea herrian, eta 57.645k Urola Kosta eskualdean. Guztira, 1.718.323 herritar daude deituta igandean botoa ematera Euskal Autonomia Erkidegoan.

Gipuzkoan hamalau hautagai zerrenda aurkeztu dituzte igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako: EAJ, EH Bildu, PP-Ciudadanos, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU, Pacma, Recortes Cero-Grupo Verde, Bidezko Mundurantz, Euskadiren Aldeko Libreak, Equo Berdeak, Aulki Zuriak, Vox, UCDE eta Alderdi Libertarioa.

Ezohiko egoeran eta neurriekin
Koronabirusak eragindako egoerarengatik, ezohiko babes eta segurtasun neurriak hartuko dira igandean Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako. Botoa emateko orduan maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea izango dira betebeharreko neurri nagusiak. Gainera, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aholkatu du botoa etxetik prestatuta eramatea.

Aldaketa horiez gainera, beste batzuk ere izango dira. Botoa emateko garaian, hautes mahaian identifikatzeko orduan, bakoitzak bere izena esan beharko du altuan, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen nortasun agiria. Hauteslekuetarako sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoa jarriko dute. Horrez gainera, maskarak jarriko dituzte, ahaztuta botoa ematera joaten diren hautesleentzako. Hauteslekuetan jende pilaketak saihesteko, hainbat udalerritan mahaiak gehitu edota tokiz aldatu dituzte, mahaitik mahaira segurtasun distantzia bermatzeko. Zarautzen, esaterako, botoa normalean Lizardi Institutuan ematen duten hautesleek oraingoan institutuaren alboko pabilioi berrian eman beharko dute. Ikastolan bozkatu ohi dutenek, berriz, ikasgeletan egin beharrean, ikastetxearen gimnasioan emango dute botoa. Bestalde, Orokieta ikastetxeko hautesleek ikasgeletan bozkatu beharrean, patioko pilotalekuan emango dute botoa.

Posta bidezko botoa
Herritar batzuk, baina, ez dira bozkalekuetara joango. Posta bidezko botoa areagotu egin da. Hain zuzen ere, 125.255 hauteslek —erroldatuen %7,3k— eskatu du era horretara botoa ematea. Gipuzkoan 32.074 herritar izan dira posta bidez botoa ematea eskatu dutenak.