Eduki babestua

Begi-bistako paradisua deskubritzen

Zarauzko Hitza 2020ko uzt. 10a, 10:00

Oria ibaiaren jaitsieran zehar paisaia bukolikoa ezagutzeko aukera eskaintzen du Orioko ur ekintzen zentroak. Lagun artean gozatzeko, berriz, Arraunpote jarduera nabarmentzen dute Begi-bistan enpresako arduradunek.

Udan ohikoak diren atzerrirako bidaia luzeak bertan behera gelditu dira koronabirusa dela eta.  Urrutiko altxor horiek ezagutzeko aukerak zapuztu dira uda honetan, beraz.  Izan ere, urrutikoa ezagutu nahi izateko joera egoten da. Zenbat eta urrutiago, hobe. Egungo egoerak, ordea, hegazkinak ez hartzera bultzatu ditu bidaiariak, gertukoa izanik helmuga turistikoa. 

Hala, aisialdirako eta oporraldirako hamaika aukera berri agertu dira. Besteak beste, Begi Bistan enpresak gugandik gertu eskaintzen dituenak: “Gure arbasoak abenturazaleak izan ziren. Kondairak dioenez, Euskal Herritik nabigatzaile eta esploratzaile legendarioak abiatu dira oso urruneko lurraldeetara. Orain, gertukoak baina ezezagunak diren paradisuak aurkitzera animatu nahi ditugu Urola Kostako herritarrak”, esan dute. Nabigatzaile eta esploratzaile espiritua inoiz galdu ez dutenek, edota berreskuratu nahi dutenek, Urola Kostan begi-bistan dituzten txokoak konkistatu ditzakete hurrengo asteetan. 

Eskaintza zabala

Oria ibaiaren jaitsiera izan daiteke abentura horietako bat; Aginaga auzoko Txokoalden ontzira sartu, eta Orion itsasoratzen den gunerainoko bidaia magikoa. Paisaia bukolikoa bezain ezezaguna ezagutzeko hiru ordu inguruko jarduera da, zailtasunik gabekoa. Bikotean, familian edo lagunartean egin daiteke.

 

Bestetik, euskal tradizioaren oinarri diren batela, trainerilla eta trainerua probatzeko aukera ere eskaintzen du Begi-bistanek. Gida aditu baten bidez garai batean Orioko arraunlari profesionalek erabiltzen zituzten ontzietan sartu, eta benetako arraunlaria senti zaitezke.

Oria ibaiaz gozatzeko beste aukera Arraunpote jarduera da. Sup taula handi bat da oinarria, eta lagun taldea bertan zutik joaten da plazaraino. Hango tabernetan pote batzuk hartu, eta jolasak egiten dituzte partaideek. “Lagun artean ondo pasatzeko plan polita da”, azpimarratu dute Begi-bistaneko arduradunek.

Oriotik Zumaiara salto egin, eta flyschak ezagutzeko modu desberdina eskaintzen du Begi-bistanek. Lurraren historia harrizko liburuaren bitartez ezagutzeko ibilbide ekoturistikoak prestatzen dituzte, oinez edo itsasontziz, duela 20 urtetik. “Euskal Kostaldeko Geoparkearen altxorra ezagutzeko aukera paregabeak dira. Gainera, ilunabarrak ikusteko edota festa pribatuak egiteko ontziak alokatzen ditugu”, gaineratu dute.

 

Ekintza horiez gain, ikastetxeentzat “Elkarren Bidelagun Izateko Programa” dute garatua, irteeretako edukiak eta landu beharreko garapenak ziklo ezberdinetara egokituz. 

Talde profesionala

Begi-bistan enpresako lan-taldea 10 pertsonez osatzen da urtean zehar, eta uda garaian, berriz, 18 pertsonez. “Guztiak monitore titulatuak eta espezializatuak ditugu. Talde mota eta behar guztietara egokitzen gara”, azaldu dute. Jarduerak egunero eskaintzen dituzte, eta erreserbak Begi-bistan.com/eu webgune berrituaren bitartez egin daitezke. Zalantzak argitzeko, berriz, telefonoa (657 79 46 77) edo info@begi-bistan.com mezu elektronikoa erabil daitezke.

 

Urola Kostako herritarrek aitzakiarik ez dute, beraz, eskualdean dauden leku berriak ezagutzeko. Asko dute deskubritzeko.