Oraindik plazak daude kiroldegiko udako ikastaroetan

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 9a, 19:00
Kiroldegiko ikastaroetan plaza libreak daude. (Zarauzko Udala)

Ikastaro guztiak kiroldegiko 2. solairuan eskainiko dituzte, eta norberak eraman beharko du toaila eta ur botila. Bestalde, frontoia erreserbatzeko aukera egongo da hiruhileko honetan.

Aritzbatalde kiroldegiko udako hainbat ikastarotan oraindik tokia dagoela jakitera eman du udalak, eta izena eman nahi duenak 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu behar du edo kirola@zarautz.eus helbidera idatzi. Ikastaro hauetan daude plazaka:

  • Gazteen eskaintzan (12-16 urte): Gazte Fit astelehen, asteazken eta ostiraletan, 12:00etan, eta Gazte Spinning, astearte eta ostegunetan, 12:00etan.
  • Helduen eskaintzan (16 urtetik gora): Yoga B, astelehen eta asteazkenean, 19:30ean, eta Yoga D astearte eta ostegunetan, 19:30ean; Pilates A astelehen, asteazken eta ostiraletan, 09:00etan, eta Pilates N astelehenetan 11:30ean; Total Trainning B, astelehen eta asteazkenetan 19:45ean, eta Total Trainning D astearte eta ostegunetan, 19:45ean; Spintonif A astearte, ostegun eta ostiraletan, 09:30ean; Spinning A, astearte, asteazken eta ostiraletan, 06:45ean, Spinning D astelehen, asteazken eta ostiraletan, 18:00etan, eta Spinning F, astearte eta ostegunetan, 18:00etan; eta Stretching B, ostiraletan 15:00etan.

COVID-19 protokolo berezia abian dagoenez, ikastaro guztiak kiroldegiko 2. solairuan eskainiko dituzte, eta sarrera zein irteera Araba kaleko larrialdi eskaileretatik egingo da. Beharrezkoa izango da ikastaroa hasi baina 15 minutu lehenago joatea eta norberak eramatea bere toaila handia eta ur botila. Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da jarduera egiten hasi arte. Takilak eta aldagelak ere erabilgarri egongo dira, edukiera mugatuarekin.

Frontoiaren erreserba udan

Abian da fitness aretoa, igerilekuak eta frontoiak erabili ahal izateko erreserba bidezko sistema, eta, ildo beretik frontoiaren hiruhileko erreserba egiteko aukera ere zabaldu dute. Uztailean, abuztuan eta irailean frontoiaren erabilera 12,70 euro balioko du orduko argirik gabe, eta 18,40 euro argiarekin. Gainerako hilabeteetan, 15,56 euro balio du orduko argirik gabe, eta 20,80 euro argiarekin. Instalazioen erreserbak online egin daitezke udaleko webgunetik edo 943-00 51 23 telefonora deituta.

Udalak gogorarazi du kiroldegiko abonuen inguruko tramiteak martxan daudela. Uztailean abonatuz gero, COVID-19agatik instalazioen aforoa mugatua denez (%50eko aforoa), abonuaren prezioak %50eko hobaria izango du; hau da, abonatu berriek zein dagoeneko abonatuak diren erabiltzaile guztiek. Abonatu berriek harreran burutu beharko dituzte tramiteak.