Itxialdiak iraun artean bikote harremana banaka bizi behar izan dute Haritz Mujika bertsolari asteasuarrak eta bere bikoteak, mugaren alde banatan zeudelako. Horren harira, Posdata bertso sorta idatzi zuen Mujikak, izatez bikotearentzat eskutitza izango zatekeena. Bikoteari bidaltzeko denborarik ez zion eman azkenean, eta helbidea aldatu eta Zarautzera bidali zuen, Basarri sarira aurkezteko. Epaileei sorta gustatu eta lehen saria eman diote asteasuarrari. Atzoko bertso saio berezian jarri zion txapela Irune Urbieta Kultura zinegotziak, eta jendaurrean abestu zituen bertso jarriak. Bigarren saria ere Mujikak berak eskuratu zuen izatez, baina lehiaketaren arauen arabera pertsona berak bi sari jaso ezin dituenez, eman gabe geratu zen bigarren saria. Dena den, bi sarien aitortza egin izana eskertu zuen bertsolariak.
Azken uneko helbide aldaketa hura "denbora kontuagatik" izan zela azaldu du Mujikak. "Bertsoari nahi izaten dizkiogu puntak zorroztu eta denbora igaro zen, elkartu ginen bikotea eta biok eta artean bertsoak bidaltzeko nituen. Orduan, hari ezer esan gabe hona bidali nituen, eta lehengo astean esan zidaten lortu nuela saria. Batetik, irabazteak eragiten duen ilusioa daukat eta, bestetik, poz berezia barru-barrutik ateratako zerbait delako, funtzio bat zuena bere momentuan", azaldu du bertsolariak. Uste du konfinamenduak denak "ukitu" dituela gehiago edo gutxiago, eta "sentipen komuna" badagoela gai horrekiko. "Bertsoak barrutik eginak direla ulertu dute, jendeari iritsi egin zaizkio eta hori oso polita da".
Sona handiko bertsopaper saria da Basarri, eta "gustura" dago asteasuarra egindako lorpenarekin. Jakitera eman du gazteentzako sariketa gehienak bat-batekoak izan ohi direla, baina berari idaztea ere gustatzen zaiola, nahiz eta sorta asko geratzen zaizkion erdizka. "Hau behintzat bukatu nuen, eta aurrera begira ere sortak egiten jarraitzeko motibazioa ematen du saria irabazteak".