EAJk lortu zuen botoen gehiengoa Zarautzen 2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 11a, 13:00

4.888 boto eskuratu zituzten jeltzaleek duela lau urte, eta EH Bildu izan zen bigarren indarra, 3.520 botorekin.

2016ko irailaren 25ean egin ziren azken Eusko Legebiltzarrerako bozak. Orduan, EAJ alderdiak eskuratu zuen boto gehien Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, baita Zarautzen ere. Denera, jeltzaleen aldeko 4.888 boto zenbatu zituzten herrian. EH Bildu izan zen bigarren indarra 3.520 botorekin, eta 1.479 botorekin, Elkarrekin Podemos izan zen hirugarren bozkatuena. Horien atzetik geratu ziren, hurrenez hurren, PSE-EE (871 boto), PP (632) eta Ciudadanos (116 boto). Duela lau urte, 17.863 zarauztar zeuden botoa ematera deituta, eta horietako %34,32 abstenitu ziren.

Bihar izango dira, ia lau urteren ondoren, Eusko Legebiltzarkideak berriro hautatzeko bozak. Hainbat berrikuntza izango dira biharko hauteskundeetan, alde batetik, aldaketak izan direlako alderdietan: Ahal Dugu eta Equo Berdeak bereizita aurkeztuko dira, eta PP eta Ciudadanos bateratuta. Bestetik, segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dira hauteslekuetan, eta, zalantzarik gabe, ezohiko argazkiak utziko dituzte biharko bozek.