'Urola Kosta: itsas-lurra' kanpaina jarri du abian UKUEk, turismo jasangarria sustatzeko

Jarduera ekonomikoa dinamizatzea dute helburu, eskualdeko kostaldeko herrien identitate bateratu bat sortu eta gaitzak eragindako krisiari aurre egiteko. Eskualdeak eskaintzen dituen "aukerak eta sentsazioak" balioan jarri nahi dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako Gipuzkoa Passport kanpainarekin batera garatuko da Urola Kostako Udal Elkartearen ekimena. "Pasaporte" honekin batera banatuko den esku-orri bat sortu dute, herriz herriko esperientziak eskaintzen dituzten enpresen eta turismo-bulegoen kontaktuak bisitariei helarazteko.

Kanpainaren jomuga eskualdeko turismo aukerak promozionatzea da: Aia, Zarautz, Zumaia, Orio eta Getariaren ezaugarri bereizgarriak kontuan hartuz, baina, oro har, identitate bateratu bat sortuz. Gaurdanik, uztailaren 10etik, martxan da kanpaina, eta irailera arte iraungo du; udazkenean jarraipena izango du, baina oraindik ez dute ezer aurreratu.

Urola Kosta eskualdeak "itsasoa eta lurra" eskaintzen dituela adierazi du UKUEk bere webgunean zabaldu duen oharrean. "Kilometro gutxian batzen dira mendi ibilbideak eta hondartza; kirola eta aisia; gastronomia eta paisaia", esan du Lourdes Salsamendi elkartearen zuzendariak. Hala, eskualdea helmuga turistiko bezala kokatzeko lehen urratsak eman nahi dituzte, turismo sektorea indartuz eta sustatuz.

Euskarri fisiko zein digitala

UKUEren herrietan, Gipuzkoa Passportekin batera flyer modukoak banatuko dira; hegazkinean sartzeko ontziratze tiketa irudikatzen duen txartela da, Urola Kosta izanik helmuga. Flyer horietan eskualdeko turismo sektoreko enpresen eskaintza ezagutaraziko da, eta kostaldeko bost herriak ezagutzeko informazio puntuen berri emango zaie bisitariei.

Bestalde, sare digitalean kanpainaren berri emango da masiboki. Horretarako kostaldea.eu orrialdea sortu dute; #UrolaKosta traola erabilita partekatu ahal izango du edonork bere esperientzia.

Hiru bideo labur ere sortu dituzte dagoeneko. Horietan eskualdearen elementu turistiko estrategikoak azaltzen dira: gastronomia, mendi ibilbideak, kirola, ondarea, kultura eta kostaldea. Bideo horiek, maiztasun jakin batez, sare sozial ezberdinetan zabalduko dira.

Lau hizkuntzatan zabalduko dira bideoak, turisten jatorriaren datuetan oinarrituta: euskaraz, gazteleraz, katalanez eta frantsesez. Batez ere, edukiak EAEn, Nafarroan, Katalunian, Errioxan, Kantabrian, Madrilen eta Frantziako Estatuan  zabalduko dira, bertako turistengana heltzeko. Lehenik Espainiako Estatuko erkidego eta lurraldetan egingo da zabalpena, Espainiako Gobernuak estatuko turismoa lehenestea erabaki duelako, eta uztailaren 16tik aurrera egingo da Frantziako Estatuan.