Gaur iragarri du udalak aurten ez dela Euskal Jai Egunik ospatuko Zarautzen. "Hainbat hiri eta herritan ikusitako festen inguruko gertaeren eta jende pilaketen harira" hartu dute erabakia, eta "neurriak" hartuko dituzte egun hori ospatu ez dadin, izan ere, udalak uste du ez daudela bermatuta segurtasun baldintzak, eta ez du ikusten eguna ospatzeko biderik. Xabier Txurruka alkateak azpimarratu du aurten debekatuta egongo direla kaleko botiloiak eta karroak, eta gaineratu du horien inguruko "jarraipen zuzena" egingo dutela udalak eta Udaltzaingoak, kalean jende pilaketak ekiditeko. Erabakia "pena handiz" hartu dutela ere adierazi du.
Dena den, Euskal Astearen bueltan egiten diren kultura ekitaldiak antolatzeko asmotan da udala. Edukiera mugatuarekin, Modelo aretoan edo dagokion lekuan, emanaldi horiez gozatzeko aukera izango da, "beti ere, orain arteko ekitaldietan bezala, maskara jantzita eta distantziak zainduta", burutu du alkateak.