Lau lagunek eman dute positibo PCR proban

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 16a, 13:12

Azken orduetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 58 herritarrek eman dute positibo koronabirusa atzemateko PCR probetan, horietako seik Urola Kostan. 

Osasun Saila berriz hasi da eguneratutako datuak ematen COVID-19 birusarekin kutsatutakoez, eta azken orduetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 58 kasu berri atzeman dituzte. Horietatik lau Zarautzen topatu dituzte, eta beste bi Aizarnazabalen. Ez dira datu bereziki txarrak, kontuan hartuta atzo 200 test inguru egin zituztela Getarian, Sahatsaga frontoian Osakidetzak PCR proba masiboak egiteko jarri duen gunean. Printzipioz gaur eta bihar jarraituko dute probak egiten, eta guztira 600dik gora lagunek daukate hitzordua hartuta.

Hiru lurraldeetako azken datuei erreparatuta, horietatik gehienak Gipuzkoan atzeman dituzte (31), eta gutxien Araban (5). Bizkaian 20 kutsatu egon dira azken orduetan.

Birusa batean eta bestean berragertzen hasi dela eta, hainbat neurri hartzen ari da Osasun Saila. Azkena, Zarauzko, Eibarko eta Tolosako ostalaritzan murrizketak ezartzea. Bihar sartuko dira indarrean neurri berriak hiru herri horietan.